euskal diaspora eta kultura
2010/04/14
PUBLIZITATEA
Coronel Vidal, Argentina. 'Cnel. Vidaleko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Eskolak Argentinara eta hain zuzen Buenos Airesera etorri ziren euskaldunen idealak islatzen ditu', adierazi digute Mar Chiquitan jaio berria den 'Izatez Harro' (sic) Euskal Etxeko kideek. 'Gure arbasoak lanak dakarren oparotasunaren bila argentinaratu ziren, ederki ezagutzen baitzuten zer den lurra lantzea, eta lurraren emaitzak landu zituzten'.
Gerónimo de Eceiza Urrutume e Irarzabal Pagolak 1740. urtean utzi zuen bere jaioterria, Albistur, Gipuzkoako herri txiki bat, eta Ameriketako lur hauek aukeratu zituen bizitza berri bat hasteko. Buenos Airesera heltzean, hainbat etorkini gertatu zitzaien bezala, abizena aldatu zioten eta Eceiza Ezeyza bihurtu zen. Hogeita zazpi urte pasa eta gero, Gerónimo Ezeyza, Pedro de Barragan Buenos Airesko alkatearen bilobarekin ezkondu zen. Ezkontza honek eta bertatik jaio zen familiak denboran zehar iraun duten hamaika kontaketa eta istorio eragin dituzte. Geronimo Ezeyzaren ondorengoak Rio de la Platako Erregeorderrian sakabanatu ziren eta geroago Argentina izango zenaren independentziaren aldeko borroka askotan parte hartu zuten. Karia horretara haien deitura esanguratsua da gaur egun herrialdeko hainbat lekutan.
Argentinaren eta Eskolaren historiak bide beretik
XIX. mendearen hasieran, Maiatzeko Iraultzaren ondoren, Nazio berriko gobernuak hegoaldeko muga (gogora dezagun garai hartan muga hori gaur egungo Buenos Aires probintzia baino askoz haratago ez zihoala) zabaltzeko ahaleginen barne 96 legoa gaztelau (168.576 hektarea) eman zizkion José Agustín María Ezeyzari, 1815ean. Garai hartan lur haiek etorkizunean eman ahal izango zituzten emaitzen balorea baino ez zuten. Piskanaka, eta lanaren ondorioz, paisaia aldatzen joan zen. Behi eta ardien hazkuntzak eta kanpotik ekarritako haziak landatzeak zerikusi handia izan zuten aldaketa horrekin. Ezeyza abizena gero eta garrantzi handiagoa hartzen joan zen, ez nekazaritzan eta abeltzaintzan soilik baizik eta justizia eta politikaren arloetan ere. Izan ere, 1891. urtean Mar Chiquita Partiduko lehenengo udaletxea sortu zenean, Eduardo L. Ezeyza izan zuen alkate.
Argentinar Errepublikaren oinarriak ezartzen ari ziren eta nekazaritzaren potentziala argia zen oso. Lurrak hor zeuden baina, aldi berean, zelaian lan egiteko gai zen jende trebatu eza nabaria zen. Hori dela eta, nekazaritza eta abeltzaintza eskolak agertzen hasi ziren. Mar Chiquitako herritarrek ere horren beharra ikusi zuten eta Manuel Jose Ezeyza izan zen proiektua burutu zuena.
Ametsa bi euskaldunen esku
Nicanor Ezeyza, Manuelen aita, zahartzen ari zen eta ondarea polita zeukan, berari eta bere ondorengoei babesa eman zien herriari nolabait itzuli nahi ziona. Manuelek herriko gazteei etorkizun hobea eskainiko zien Nekazaritza eta Abeltzaintza Eskola bat sortzea proposatu zion orduan aitari. Nicanor ados egon zen eta eskolaren ideia gauzatzeko behar ziren pausoak abiatu zituen zituen.
Eskolaren eraikuntza altxatzeko leku egokia behar zuten. Hortaz, euskaldunen beste ondorengo batengana jo zuten proiektuaren bultzatzaileek. Victoria Aguirre andrea bere lurren zati bat saltzeko prest azaldu zen, eta kobratu ordez, zegokion dirua dohaintzan eman zuen eskola abiarazteko. 1910. urtea zen eta Mendeurrenaren ospakizunekin batera, Nicanor Ezeyza Eskolak bere ateak ireki zizkien lehenengo ikasleei. Hiru hilabeteren buruan Nicanor hil zen, baina lana egina eta bideratua ikusi izanaren pozarekin.
'Ikus dezakegunez, Mar Chiquitako Nekazaritza eta Abeltzaintza Eskola bi euskaldun hauei esker jaio zen', adierazten dute harro Mar Chiquitako euskal etxe gazteko kideek. 'Historia hau kontatu eta gogoratzea omenaldia da, bihotz handia izan zutenei merezitako omenaldia', emendatuz.
Ezeizako aireportua
Aipatu behar da Argentinako Ezeiza aireportua egiteko lurrak Albisturtik etorritako Gerónimo de Eceiza Urrutume e Irarzabal Pagolaren beste ondorengo batek eman zituela dohaintzan. Jose Maria Ezeyza Buenos Aires hiriburutik hurbil zeuden lur batzuen jabea zen. Denboraren poderioz, hor Ezeiza hiria sortu zen eta geroago, 1944an, Juan Domingo Peronen presidentetzan, aireportua inauguratu zen.
LOTURA INTERESGARRIAK
Mar Chiquita partiduko Nekazaritza eta Abeltzaintza Eskola
www.nicanorezeyza.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus