euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Coronel Moldesko Euskal Etxeko San Inazio Jaian 'Euskal baserrietako sukaldaritza' liburua aurkeztu da

2010/08/06

PUBLIZITATEA

Joan den abuztuaren 1ean eta bertako “Las Brasas” jatetxean ospatu zuen San Inazio Eguna Cordoba probintziako Coronel Moldesko Gure Zainak Euskal Etxeak. Laurogei bat etxeko kide eta lagun bildu ziren bazkarian eta jaiaren markoan, Marita Echave Gure Zainak-eko lehendakariak berak idatzitako 'Euskal baserrietako sukaldaritza', “Zelai etxeetako sutondo ingurutik sortu ziren errezetak” biltzen dituen liburua aurkeztu zen. Jaio berria den euskal erakunde honek leial eusten die elkarte sortu zuteneko baloreei eta gogor ari da lan egiten. Beste gauza batzuen artean, asteartero euskal gaiei buruzko saio bat aireratzen dute herriko “Buenas Ondas” irratian; horretaz gain, Cnel. Moldes-en urteurrenaren ospakizunetan, datorren irailean, hartuko dute parte; eta gaur bertan, neguko oporrak bukatuta, euskara klaseekin jarraituko dute euskal etxeko ikasleek.

Coronel Moldes, Argentina. Diasporako euskal etxe askotan ospatzen da San Inazio eguna eta Coronel Moldes herriko euskal etxeak ere ospatu du aurten lehendabizikoz. Oraindik egoitzarik ez dutenez, Gure Zainak-eko kide eta lagunak “Las Brasas” jatetxean elkartu ziren Gipuzkoa eta Bizkaiko patroiari omenaldia egite aldera.

Arrakastatsua izan da bazkaria. Izan ere, laurogei inguru lagunek hartu zuten parte. Bilera aprobetxatuz, euskal etxeko idazkaria den Maria Cecilia Aguirrek hitza hartu zuen euskal etxean garatzen ari diren ekintzak eta Maria Esther Alzuri, Nestor Aguirre eta Roberto Urruchuak egindako lana azpimarratzeko.

Coronel Moldesko San Inazio Jaia 2010 02

[Liburuaren aurkezpenean euskal etxeko lagunak, haiek entzundako sukaldaritzari buruzko istorioak kontatzera animatu ziren]

Testu-inguru honetan, Marita Echavek bere 'Euskal baserrietako sukaldaritza' aurkeztu zuen. “Euskal baserrietako sukaldaritza? Nondik atera da sukaldaritza hau? Gure zelai etxeetako sutondoetatik. Bapo-bapo eginda eta indarrez beteta uzten gaituzten plater horien errezetak agertzen dira testuan”, adierazten da liburuaren kontraazalean. Aurkezpenean, bildutako jendea animatu zen haiek ere ezagutzen zituzten pasadizo eta istorioak kontatzera. 'Euskal baserrietako sukaldaritza' liburua Cordoba hirian ere aurkeztuko da abuztuaren 19an, iluntzeko 8etan, “Restobar 31” tabernan.

Coronel Moldesko San Inazio jaia 2010 01

[Marita Echavek idatzitako 'Euskal baserrietako sukaldaritza' liburuaren aleak]

Bukatzeko, Coronel Moldesko euskaldunek jakinarazten dute asteartero goizeko 11etan eta Anahí Arburuak gonbidaturik, Marita Echavek eta Roberto Urruchúak “Euskal Unea” izeneko programa egiten dutela “Buenas Ondas” irratian. Saioan, Euskal Herriari buruzko arlo askotako informazioa zabaltzen da. Etorkizunari begira, datorren irailean herriko urtemugaren ospakizunetan ere egongo dira euskaldunak. Alde batetik, Mikel Ezkerrok “Euskal Sustraiak” delako hitzaldia emango du; beste alde batetik, Cordoba hiriburuko “Baietz” taldeko mutilek kantaldi eta musika tailerra eskainiko dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia