euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cnel. Moldes, Villa de Merlo eta Villa Mercedes hirietako euskal gizataldeek Euskal Etxe Erregionala sortu dute

2017/07/25

Inauguratu berria den Immigrantearen Plazan, banderen artean, ikurrina
Inauguratu berria den Immigrantearen Plazan, banderen artean, ikurrina

PUBLIZITATEA

Etorkinaren Enparantzaren inaugurazioaren baitan jakinarazi dute berria Cordoba probintziako Coronel Moldes, eta San Luis probintziako Villa de Merlo eta Villa Mercedes hirietako euskal etxeetako lagunek. Izan ere, inaugurazioan aurkeztutako standa elkarteen arteko lanaren emaitza izan zen. ‘Euskal Etxe Erregionala’ delako ekimen berriaren debuta, Mercedes hirian azaroan egingo den 2017ko Immigrantearen Jaian izango da.

Villa Mercedes, Argentina. Uztailaren 22an inauguratu da Etorkinaren Enparantza. Berdegunea hiriaren sarreran dago kokatuta, Los Alamos eta Aviador Origone kaleetan, Immigrantearen Jaialdiaren egoitza den ‘La Calle Angosta’ izeneko anfiteatroatik hurbil.

Villa Mercedeseko Euskal Etxeko erreferente den Julio Esnaolak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Barrio Estacion elkarteak 2001etik urtero antolatzen du Immigrantearen Jaialdia hiriko kultur gune nagusia den ‘La Calle Angosta’ anfiteatroan. Festa horretan hogeitalau gizataldek hartzen dute esku, tartean, euskaldunek. Orain, eta Udalaren laguntzarekin, Etorkinaren Plaza inauguratu du elkarteak eta gizataldeetako ordezkariok bertan izan ginen gure ikur eta janari tipikoekin”.

Inaugurazioa bi zatitan banatu zen; ekintza ofizialean hiriko agintariek enparantzako argiztapen sistema berria martxan jarri, inaugurazio zintak moztu eta bildutako jendea Argentinako ereserkia abestera gonbidatu zuten. Horren ostean, musika eta dantza ikuskizunak eta janari tipikoak eskaini zitzaizkion publikoari standetan. Euskal txokoan mota askotako pintxoak eta piper beteak egon ziren dastagai.

“Standerako prestatutako menua Coronel Moldeseko Gure Zainak Euskal Etxeko Marita Echaverekin batera egin genuen. Eta hau ez da izango elkarrekin egingo dugun ekintza bakarra; izan ere, Euskal Etxe Erregionala sortu dugu Coronel Moldes, Merlo eta Villa Mercedeskook; asmoa da, proiektu berriei aurre egin ahal izateko, elkarrekin lan egitea”, adierazi du Esnaolak. Marita Echavek baieztatzen duenez, “uste dugu ideia bikaina dela indarrak, kostuak eta gastuak ekonomizatzeko; eta aitzakia ederra biltzeko, noski!”.

Euskal Etxe Erregionalaren arduradunek iragarri dute taldearen lehenengo aktibitatea Villa Mercedeseko 2017ko Immigrantearen Jaian parte hartzea izango dela.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia