Cordoba, Argentina. Bihar asteazkena, urriaren 24a, ‘Eusko Jaurlaritzaren lehenengo Lehendakariaren bila’ izenburuko jardunaldian hartuko du parte Cesar Arrondok Cordoba hiriburuan. Bertako Gerora Elkartea antolatzaile duen programan hitzaldi batekin aurkeztuko du Arrondok Agirre lehendakariari buruzko dokumentala eta horren ostean debatea zuzenduko du. Mintzaldia arratsaldeko 6etan da, Cordobako Unibertsitate Nazionaleko Hizkuntza Fakultateko B Auditoriumean, Velez Sarsfield kaleko 178. zenbakian.
Coronel Moldes eta Villa Mercedes
Cordoba probintziako hiriburura iritsi aurretik, Argentina erdiguneko beste bi herri bisitatu ditu Arrondok. Urriaren 19an ‘Euskal nazioa gaur: lurraldea, hizkuntza, historia eta kultura’ hitzaldia eskaini zuen Cnel. Moldeseko ‘Toro Club’ elkarteko aretoan, bertako Gure Zainak Euskal Etxea antolatzaile. Hitzaldia bukatuta, afari arina eskaini zuten etxekoek eta afalosteko polita sortu zen.
Moldesen, Euskal Etxeak bultzatutako hitzaldiaz gain, Hezkuntza eta Kultur Idazkaritza eta herriko irratiak bisitatu zituen Arrondok, eta "Hipólito Yrigoyen (1916- 2016). Primer Centenario de la Soberanía popular" bere liburua aurkeztu zuen Cnel. Moldeseko Alderdi Radikalaren etxean.
Birarekin jarraituz, Cnel. Moldesetik 100 kilometrora, San Luis probintzian, Villa Mercedesen ere aurkeztu zuen bere azken liburua irakasle lapridatarrak. Aurkezpena Villa Mercedeseko Euskal Etxearen egoitza den Rouan Galerian izan zen eta hitzaldia bukatuta, Cesar Arrondok eta Castor Condek, azken hau Alkartasuna Sukaldaritza Elkarteko ordezkari, oilaskoa piperrekin prestatu zuten afaria partekatzeko.