euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Club Vasco Argentino Gure Echea, beste euskal etxe bat Buenos Aireseko bihotzean

2008/09/09

Alkartasuna Koraleko partaideak
Alkartasuna Koraleko partaideak

PUBLIZITATEA

Duela 80 bat urte, gazte euskaldun batzuek leku egoki bat behar zuten euren ekimenak eta idealak loratzen ikusteko. Hori dela eta, indarrak batu zituzten eta, dirulaguntzarik gabe, Gure Echea erakundea sortzea lortu zuten. Gaur egun, haien ahaleginaren isla ikus daiteke Buenos Aireseko Balvanera auzoan, Juan Domingo Peron kaleko 2143. zenbakian. Pilota eta igeriketa dira nagusiak orain eskaintzen dituzten kiroleen artean. Kulturaren alorrean, berriz, hamabost urte bete dituen Alkartasuna Korala da etxeko altxorra.

Buenos Aires, Argentina. Joan den mendearen hasieran, Laurak Bat-eko bazkide gazte batzuek bide berri bat hartzea erabaki zuten, eta Buenos Aireseko tradizio handiko euskal etxea utziz, beste euskal etxe bat sortu zuten. Horrela jaio zen Club Vasco Argentino Gure Echea, 1929ko abuztuaren hamarrean. Urtebete pasa ondoren, Euskal Herritik etorritako hainbat sendiren seme hauek inongo laguntzarik jaso gabe eraikina egiteko dirua bildu zuten, lursaila erosi eta une hartako Cangallo kalean, gaur egungo Juan Domingo Perónen, eraikuntzari ekin zioten.

Lehenengo harria jarri zen egunean gizarteko pertsonai garrantzitsuak bertaratu ziren, besteak beste, orduko Argentinako presidentea, José F. Uriburu, euskal jatorriduna. Lehenengo urrats hori eman eta gero arazo bat agertu zitzaien: Argentinan ez zegoen frontoia egiteko behar zuten harri mota; alabaina gazteak ez kikildu eta harria Euskal Herritik ekarri arazi zuten. Azkenik, 1931 abenduaren 19an, Zacarías de Vizkarra apaizak bedeinkatu zuen etxe berria eta Gure Echeak ateak ireki zizkien bazkideei.

Pilota eta igeriketa

Ia laurogei urte hauetan, Gure Echeak hamaika sari jaso ditu Euskal Pilotaren arloan. Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak antolatutako txapelketetan, Gure Echeako kide batzuek (Roberto Elías, Roberto Elías semea, Juan Labat, batzuk aipatzearren) Argentina ordezkatzen 1952., 1958., 1962., 1978. eta 1990. urteetan munduko txapelketak irabazi zituzten. Bide horretatik jarraitzeko asmoarekin, pilota eskolak ematen dira gaur egun Perón kalean dagoen egoitzean. Klaseen arduraduna Iván Veiden da, eta astean bitan elkartzen da ikasleekin. Klase hauetan parte hartzeko ez da beharrezkoa bazkidea izatea.

gure echea buenos aires club vasco 1
[Gure Echeako igerilekua elkartearen nortasun ezaugarri bereizgarria da]

Euskal Etxearen kirol arloko beste proposamena igeriketa da. Igerileku estalia du Gure Echeak eta goizetik iluntzera arte irekita egoten da klaseetan parte hartu nahi dutenentzat nahiz bere kabuz igeri egin nahi dutenentzat. Pilota klaseetan ez bezala, igeri lekuan aritzeko, etxeko bazkidea izatea beharrezkoa da. Dena den, Gure Echeak Rojas Kultur Zentroarekin hitzarmena dauka hirugarren adineko jendearentzat, eta  bide horretatik ere erabili ahal dira igerilekuaren instalazioak.

Alkartasuna, Gure Echeako altxorra

Euskal Etxe askotan bezala, Balvanera auzoan dagoen etxe honek euskal jatetxea ere badu. Jatetxeak aste osoan zehar eskaintzen ditu plater tipikoak, eta han bazkaldu ahal iazteko, lehenengo aldian behintzat bazkide batekin joan behar da. Erreserbak egiteko telefono zenbakia 011-4951 5363 da.

Proposamen kulturalei dagokienez, noizbehinkako hitzaldiak eta ikastaroak ematen dira etxeko aretoetan. Baina dudarik gabe, 1993. urtetik aurrera Alkartasuna Korala da euskal etxearen altxorra. Abesbatzeko kideek astero entseatzen dute Amalia Bernalen gidaritzapean. Une honetan korua ahots berrien bila ari da. Interesa dutenek Olga Barandalla Sagastibeltzarekin kontaktuan jarri behar dute (tel. 4373-7785).

gure echea buenos aires club vasco 5
[Alkartasuna Koralaren emanaldi bat]

Club Vasco Argentino Gure Echeak 260 bazkide ditu eta zuzendaritza honokek osatzen dute: Javier Goyenechea, lehendakari; Oscar Serra, lehendakariorde; Ricardo Pfleger, idazkari; Eduardo Rodríguez Egaña, diruzain; Horacio Badino, diruzainorde; Rubén Galván eta Rafael Goyenechea, batzordekide titular.  Buenos Aireseko eraikin handi honek beste garai bateko euskaldunen ametsen irudi da, baina aldi berean gaur egungo euskaldunei Euskal Kulturaz gozatzeko beste gune bat eskaintzen die.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia