Citroen auto lantegi frantziarrak ikurrina eta beste zenbait herrialdeen bandera, autoak saltzeko estrategia gisa erabiltzeko aukera ikusi du eta DS3 modeloaren edizio berezi bat egin du. Ikurrinarekin batera beste 8 diseinu dira aukeragarri: Korsikako banderarekin, Okzitaniakoarekin, bretoi, alsaziar... bakoitza Frantziako "erregio" batekoa, dio marka frantsesak. Abertzaletasuna marketing estrategia gisa? Ez hain azkar.
Donostia-San Sebastian. "Sortez de la melée", atera zaitez meletik, dio Citroen markaren iragarkiak, Iparraldeko errugbi zaletasun itzelarekin hitz jokoa eginez. Eta zinez, eguneroko trafikoan begiradak erakartzeko modukoa da diseinua, autoaren sapai osoa hartzen duen ikurriña erraldoiarekin. Atzoz geroztik DS3 modeloa erosten dutenek horrelakoa eska dezakete Iparraldean eta Frantzian, 490 euro estraren truke.
Kanpainak horrelako 9 pegatina modeloren aukera ematen du, bakoitza frantziar lurraldeko "erregio" batekoa: Alsazia, Bretainia, Korsika, Euiskal Herria, Okzitania, Paris, Saboia eta zonalde ardogilea. Horrela dio Citroenen prentsa dosierrak. Ez da, beraz, aldarrikapen nazionalisten isla, nahiz eta hasieran itxura hori har dezakeen. Marketina, folklore hutsa edo euskal nortasuna lau haizetara aldarrikatzeko parada? Ikusteko dago erosleen erantzuna.
Citroeneko prentsa sailak ez du momentuz oihartzun daturik, atzo bertan aukeztu zelako kanpaina. Bestalde, Facebook orrian zenbait auto ari dira zozketatzen, diseinu pertsonalizatu hauekin. Frantzian bizi diren lagunek euren modelo gustukoena aukeratu behar dute eta zozketan sartuko dira. Momentuz, euskalduna hirugarren postuan doa.