Trelew, Argentina. Joan den ostegunean, azaroaren 10ean, Sara Pagolak, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkariak, bisita egin zuen Trelew-era. Ordezkariak, Mariana Satostegui Euskadiren Ordezkaritzako arduradun instituzionalarekin batera, hainbat jarduera egin zituen, besteak beste, bertako ‘Concejo Deliberante’-ari eta Chubuteko Iparrekialdeko Euskal Etxeari bisita, baita bilerak ere euskal diasporako kideekin eta esparru akademikoko ordezkariekin.
‘Concejo Deliberante’an Juan Ignacio Aguilar presidenteak egin zion harrera, eta opari bat eman zion Pagolari egindako bisitaren oroigarri. Ondoren, euskal ordezkaria Chubuteko Iparrekialdeko Euskal Etxearen egoitzara joan zen eta bertan bi bilera egin zituen. Lehenik eta behin, Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordearekin bildu zen, eta haiekin hitz egin zuen gaurkotasunaz eta erakundeak garatzeko asmoa duen proiektuez.
Ondoren, Patagoniako San Juan Bosco Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko ordezkari akademiko Bárbara Quintanarekin bildu zen, inguruko euskal presentziari buruzko hainbat ikerketa-ildo aurkezteko. Era berean, Euskal Etxearen eta Gizarte Zientzien Ikerketa Foroaren arteko elkarlanerako asmo gutuna sinatu zen.
Ondoren, laster elkartearen egoitzan landatuko den Gernikako Arbolaren kimuaren aurkezpena egin zen, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxearen dohaintza. Azkenik, ordezkariak ’Antzinako herria, abangoardia maite duena’, egungo Euskadiri buruzko hitzaldia eskaini zien bertaratu ziren bazkide eta lagunei.