euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Christopher Bengochea tenorea: 'Erramun Martikorena dut kantaririk gustukoen; abestiak zinez sentitzen ditu'

2007/09/10

Christopher Bengochea eta Rochelle Bard 'Romeo eta Julieta' operan abesten
Christopher Bengochea eta Rochelle Bard 'Romeo eta Julieta' operan abesten

PUBLIZITATEA

Christopher Bengochea tenore euskalamerikarrak azkenengo sasoina izango du aurtengoa San Jose Operan, Kalifornian. Arrakasta nabarmena izan du bertan azken bi urteetan, Romeo edota 'Lucía de Lamermoor'-eko Edgardo bezalako pertsonaia erromantikoekin; baina kantari bezala proiektu berriei ekiteko garaia dela uste du. Nafarroa Behereko euskaldunen semea, Bengochea Montanako arrantxu batean hazi zen, euskal musika entzunez. Opera munduan urtetan ikasi eta ibili ondoren, euskal arrastoa nabaritzen zaio kantari gustukoena aukeratzerakoan: Erramun Martikorena, jarraian laburbiltzen dugun Mercury News egunkariko artikulu batean azaltzen duenez.
Christopher Bengochea tenoreak San Jose Operatik pasa diren ‘ahots indartsuenetako bat’ du, Richard Scheinin kazetariaren esanetan. Bere ahotsa ‘enbata da, baina enbata ederra, eta entzulegoa maitemindu egin du’ 2005ean heldu zenetik. Bengochearen bidea luzea izan zen, duela 28 urte Montanako Charlie Creek-en jaiotako kantariak onartzen duenez. Bere aita, Jean-Michel Bengochea 1959 Eiheralarretik ameriketaratutako artzaina zen.

Bengocheak arrantxuan pasa zuen haurtzaroa, ardiek eta behiek inguratuta. Euskal musikarik ez zen falta han eta fandangoak 'eta polkak ere’ entzuten hazi omen zen, 'inguru haietan italiarrak ere bazeudelako’. Berak musika herrikoia jotzen ikasi zuen piano eta soinuarekin. ‘Herri musika. Izan ere, nire kantari gustukoena euskalduna da, Erramun Martikorena', azaltzen du. 'Bai, bera dut gustukoen, beste kantarien artetik’, argitzen du kazetari amerikarraren harridurari erantzunez, ‘bera delako sinpleena eta sentimendu gehien duena. Erabateko pasioz kantatzen du eta horrekin identifikatu egiten naiz’.

Hasiera latzak New York

Bengochea pianojole izateko bidean zen, baina Montanako Unibertsitatean David Cody irakasleak operaren mundua erakutsi zion. ‘Operarik ez nuen sekula entzun ordurarte. Plácido Domingo eta Pavarotti nortzuk ziren banekien, baina inork Caruso aitatu izan balit, pasta mota bat zela pentsatuko nukeen’, onartzen du. Bere ahotsarekin pianoarekin egiten zuen gauza bera --entzulegoa hunkitu-- egin zezakeela ulertu zuen, ‘errezago gainera’, eta halaxe ekin zion.

Bere hasiera pausoak, ordea, ez ziren errazak izan. 2001ean New Yorkera joan zen. 'Montanako mutil inuxente bat nintzen. Ezin nuen Met-era (Metropolitan Opera House) edo New Yorkeko Operara heldu. Ez nuen esperientziarik’. Garai gogorrak izan ziren eta kantaria ‘apaldu’ egin omen zuten. 'Debalde abestu nuen, eliz koroetan... Baina nor nintzen eta kantatzeko gosea nola asetu ikasi nuen', adierazten du.

Taulagainean maitemindu

Bere lehen arrakastak Intermountain konpainiarekin heldu zitzaizkion; 'Lucia'-ko Arturo eta ‘Giovanni’-ko Don Ottavio egin zituen 2003an. Azken honetan ezagutu zuen Sandra --bere emaztea egun--, kantaria bera ere, eta hari jarraika Kaliforniaraino heldu zen. San Jose Operak hiru aldiz ezetz esan zion, baina Bengocheak ez zuen amore eman azkenean hartu zuten arte.

Azken bi urtetan kritika oso onak jaso ditu eta konpainiako kantari nagusienen artean dago, baina ‘mugitzeko garaia’ dela dio. ‘Lanean jarraitu nahi dut eta Europako konpainiak ezagutzen jarraitzeko garaia heldu da. Eta noski, nire azken helburua Met-era heltzea da’.


Lotura interesgarriak

Christopher Bengochearen webgunea
www.christopherbengochea.com

Christopher Bengocheak kritika onak jaso ditu 'La Bohème'-ekin
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko otsailaren 16ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia