euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Christine Iriarte Niswonger euskal-amerikarraren arte lanak Las Vegasen ikusgai, uztailaren 7ra arte

2015/07/01

Iriarteren esposizioaren bi pieza batera; collage ukitu nabaria daukate beren lan honetako panelek (Argazkia: C.L.G.)
Iriarteren esposizioaren bi pieza batera; collage ukitu nabaria daukate beren lan honetako panelek (Argazkia: C.L.G.)

PUBLIZITATEA

‘Black and White and Red all over’ --egunkariak izendatzeko ingelesezko hitz-jokoa-- da Christine Iriarte Niswonger artista euskal-amerikarraren azken lanaren izena, eta uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai, City Light Art Gallery-n, Las Vegaseko inguru metropolitarreko parte den Henderson herrian. Collage moduko obra hauetan grabatuak, tipografiak eta egunkari zatiak eta argazkiak ikus daitezke: “Albisteak irakurri edo ikustean jendea eszeptikoa izan dadin nahiko nuke”, adierazi dio Iriartek EuskalKultura.com-i.

Henderson, AEB. “Kazetari eta editore gisa lan egin dut urte luzez eta asko desengainatu nau ofizioak. Ez dauka egia eta justiziarekin lotura handirik. Horixe bera saiatu naiz adierazten obra hauekin”, adierazi digu Christine Iriarte Niswonger-ek bere azken obrari buruz hizketan. “Albisteak irakurri edo ikustean jendea eszeptikoa izan dadin nahiko nuke”.

Horretarako, informazioaren garai honetan, ikus-entzulegoa kitzikatuko duen collage moduko panelak sortu ditu, grabatu, tipografia eta egunkari zati eta argazkiak konbinatuz.

Mugatu beharko genuke adierazpen askatasuna? Hori uste du Iriartek: “Beti bezala, alde bi ditu kontuak. Batetik, Konstituzioak defendatzen duen eskubide bat da adierazpen askatasuna eta horrek egiten du handia herrialde hau. Baina, komunikabideen kasuan kontrolik gabeko adierazpen askatasuna ematen ari da eta jasotzen ditugun albiste asko gezurra dira”. Artista, baina, ez da kritika hutsean geratu, soluzioa ere eskaini du: “Jendeari komunikabideak auzitara eramateko eta irabazteko aukera handiagoa emango nioke, gaur egunean hedabideek Konstituzioak beti euren alde egingo dutela baitakite”.

Erakusketaren inguruan iritzi positiboak ari da jasotzen Iriarte eta orain beste leku batzuetara ere eraman nahiko luke, “Las Vegas-en entretenimendua baita gauza nagusia eta arteak ez baitauka hemen toki askorik”.

Euskal jatorria

San Frantziskoaldean jaio zen Christine Iriarte eta Bakersfield-en (Kalifornia) hazi zen. Amerikarra zuen ama, Ruth Ladington, eta euskalduna aita. "Iruñetik hurbil dagoen herrixka batean" jaio zen Peter Iriarte eta, 18 urte zituela, Los Angelesera joan zen, bere aita eta lau anaiarekin batzera. Gutxira, estatu berean baina iparralderago joan zen bizitzera eta artzain lanean aritu zen tarte labur batez. San Frantzisko ondoko Oakland-en itsasontzien karga ateratzen lana aurkitu zuen arte. Bertan ezagutu zuen Ruth emaztegaia.

Gaztetan Suitzara joan zen ikastera Christine eta, behin ikasketak amaituta, hainbat urte eman zituen egunkarietan lanean, kazetari eta editore gisa. Ibilbide profesionala, baina, unibertsitatean amaitu zuen, artea irakasten. Las Vegas-en bizi da egun senarrarekin eta Kalifornian bizi diren bi seme eta alaba bat ditu.

Orain hamar urte inguru Euskal Herriarekin lotura zuen egurrezko serie bat sortu zuen, zeinean euskal paisaiak ikusten ziren eta, azpian, bere seme-alabei zuzendutako gutun laburrak, “euren jatorrizko lurraldeaz hitz eginez”. Orain, kaletarren bizitza erakusten duten margolanak egiten dabil. Aurpegirik gabeko erretratuak titulupean, musikari, idazle, ardogile eta abarren eskuak irudikatzen ditu. “Beren aurpegia ikusi gabe, duten bizitza mota, bizi dituzten pasioak eta utziko duten ondarea ezagutu ahal da”, azaldu digu.

Black and White and Red all over City Light Art Gallery-n.
3 E Army St, Henderson, NV
*Uztailaren 7ra arte



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia