euskal diaspora eta kultura
2009/05/20
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. Christine Echeverria Bender idazle euskal-amerikarrak euskal itsasgizonei buruzko trilogiaren hirugarren lana aurkeztu du egunotan. Bere lehen liburuan, 'Challenge the Wind' eleberrian, egileak Kolonen espedizioko Santa Marian izan zen euskal marinel baten esperientzia irudikatzen du. Bigarrenean, 'Sails of Fortune' lanean, Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zion lehen espedizioaren buruan izan zituen bizipenak kontatzen ditu.
Orain dakarren 'The Whaler's Forge' honetan (Caxton Press, 2009) Echeverriak Kepa de Mendietaren baleazalearen istorioa asmatzen du. 1364ean Mendieta Ameriketako kostaldean ahaztuta atzean uzten dute bere ontzikoek. Negua gainean da eta Kepak 'natura zein gizakien indar basatiei aurre egin beharko die bizirauteko', azaldu dio argitaletxeak EuskalKultura.com-i.
Euskaldunen aztarna ikertuz
Adituek Echeverria Bender-en liburuen indar narratiboa eta xehetasun historikoen arreta azpimarratu dituzte. Egileak garai historiko hauek ahalik eta fidelenen irudikatzeko ikerketa sakona egin ohi du beti. The Whaler's Forge idazteko Echeverriak 2008ko abuztuan Smithsonian Institution-eko arkeologia espedizio batean parte hartu zuen eta XVI. mendeko euskal baleazaleen aztarnategi baten aurkikuntzan lagundu zuen Hare Harbour-en, Quebec-en.
2006ean Echeverriak Idaho Commission on the Arts and the National Endowment for the Arts erakundeko beka bat jaso zuen Ipar Amerikara heldu ziren lehen euskal baleazaleen historia ikertzeko. Beka honi esker Labradorreko Red Bay-ra joan eta bertan lau euskal ontzi hondoratuen arrastoak ikertu ahal izan zituen. Bidaia hauetan jasotako informazioarekin Boiseko Basque Museum and Cultural Center elkarteak XVI. mendeko euskal baleazaleei buruz egin zuen erakusketako antolatzaileetako bat izan zen.
Benetan gertatu zela
Smithsonian Institution-eko Arkeologia Kontserbadorea den William Fitzhugh doktorearen esanetan 'euskal baleazaleen jarduerak Ipar Amerikako kostaldeetan Mundu Berriko sekretu historiko nagusia dira. Christine Echeverria Bender-ek euren bizitzak argitara ekartzen ditu amerikar natiboen artean bizi den euskaldun honen istorioarekin. Arkeologia, herri natiboen kultura eta historiari buruzko informazioarekin fikziozko narrazio hau benetan gertatu zela sinestarazten digu'.
Echeverriak zenbait aurkezpen egingo ditu datozen hilabeteetan, liburua ekainaren 1ean agertu eta gero. Oraingoz: Boiseko Basque Museum and Cultural Center-en uztailaren 21ean (19:00); Santa Barbarako Unibertsitatean azaroaren 6ean (11:30) eta San Frantziskoko Basque Education Organization elkarteak antolaturik South San Frantziskoko BCCen azaroaren 7an (15:00).
Christine Bender-en webgunea: www.christinebender.com.
Liburua (ingelesez) erosteko internet bidez, ekainaren 1a ondoren: www.caxtonpress.com.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus