euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Christian eta Elisabeth, Txilen eta Argentinan euskara praktikatzen Mintzanet plataformari esker

2016/02/15

Christian Etxeberria txiletarra eta Elisabeth Etchegaray argentinarra, Atlantikoz bestaldeko euskaldunak biak
Christian Etxeberria txiletarra eta Elisabeth Etchegaray argentinarra, Atlantikoz bestaldeko euskaldunak biak

PUBLIZITATEA

Christian Etxeberria Txileko Santiagon bizi da, radiologoa da eta euskara ikasle eta irakasle dabil hiriko Euzko Etxean. Elisabet Etchegaray, aldiz, argentinarra da eta Azuleko Euskal Etxeko euskara irakaslea da. Biek ala biek, euskal etxean ikasi dute euskaraz, Euskal Herrian oinik jarri gabe. Astero astero, MIntzanet plataformaren bidez Skype bidez euskaraz praktikatzen dute. "Niretzat hautsita zegoen kate bat lotzea da", dio Elisabet-ek.

Donostia-San Sebastian. Ez da erraza euskara Euskal Herritik kanpo ikastea, baina azken hogeitabost urtetan HABEren Euskara Munduan programari esker Diaspora euskal etxe askotan euskara klaseak eman dira eta ematen dira. Edozein hizkuntza ondo hitz egiteko, baina, beharrezkoa da praktikatzea, eta horretarako laguntza aparta izan da azken urteotan Mintzanet plataforma.

Doakoa eta oso erraza da: euskaraz praktikatu nahi duenak skype bidez kontaktatzen du besteei euskaraz hitz egiten laguntzeko prest dauden euskal hiztun batekin. Elkarrekin hitzorduak adosten dituzte eta horrela, astero astero edo, elkarrekin hitz egin eta euskara praktikatzen dute.

Katea lotzen

Mintzanet plataformaz baliatzen diren bi euskaldunberri dira Elisabet Etchegaray eta Christian Etxeberria. Elisabet Etchegaray argentinarrak 52 urte ditu. Duela 12 urte hasi zen euskara ikasten, eta egun Azul Euskal Etxeko euskara irakaslea da.  “Hasieran, nire hiriko Euskal Etxean ematen zituzten aurrez aurreko eskoletara joan nintzen. Gero, nire kabuz ikasi nuen eta 2008an, Habeko plataforman sartu nintzen". Gero, Mintzaneten berri izan zuen eta bertan praktikatzen hasi zen. “Ikasitakoa barneratzeko oso aukera ona da Mintzanet, batez ere hain urrun bizi garenontzat”.

Gaur egun, Elisabet "bidelagun" eta "bidelari" gisa parte hartzen du Mintzaneten, hau da, praktikatuz eta praktikatu nahi dutenei laguntza ematen. Hiru lagunekin du harremana skype bidez; “Batetik Bartzelonako Montserratekin. Biok euskara ikasten ari gara, eta nahiz eta berak nik baino maila altuagoa izan, elkarri laguntzen diogu. Bigarrena, Joxe Mari da, Lazkaokoa. Berak  akatsak zuzentzen dizkit eta asko eskertzen diot". Hirugarrena Josette uztariztarra da: “Niretzat berezia da; berak ez du gaztelaniaz hitz egiten eta nik ez dakit frantsesez. Gainera, Iparraldean  hitz batzuk beste modu batean esaten dituzte eta sarri jotzen dut hiztegira ulertu ahal izateko”.

Bere ikasketez gain, Azul Euskal Etxean euskara irakasten ere buru-belarri dabil Elisabet: “Niretzat apurtuta zegoen katea lotzea da. Aitona-amonen eta nire belaunaldiaren arteko kateari maila bat galdu zaio. Maite dut euskara baita  euskal kultura ezagutzea ere, hizkuntzaren bidez noski”.

"Lagunak egin ditut Mintzaneti esker"

Antzekoa da ere Txileko Christian Etxeberriaren esperientzia. Bere familiak euskal jatorriarekin harremana erabat galdua zuen, eta Christian-ek er kate hori berriz ere lotzea erabaki zuen bere sustraien berri izan zuen egunean. 2012an hasi zen Euzko Etxea elkarteko klaseetara joaten eta bi urte ondoren maila ona eskuratu zuen. HABEko Euskara  Munduan programak irakasle izateko prestatzen hastea proposatu zion eta berak baietz.

Egun teknologo erradiologo lana eta euskara irakasle eta ikasle jarduna uztartzen ditu Christianek. Euskara praktikatu ahal izateko Mintzanet erabiltzen du. "Liburuekin eta ariketekin bakarrik ez da posible hizkuntza bat ikastea. Mintzatu egin behar nuen euskaraz hitz egiten ikasteko", esan dio EuskalKultura.com-i.

Christianen "bidelaguna" Izaskun da, Lazkaotarran. "Euskara irakaslea da, ikastola batean lan egiten du. Oso jatorra da eta beti euskara hobetzeko animatzen dit. Euskara maila pila bat jaso dut mintzanetekin eta Izaskuni esker. Euskara ikasi nahi duten guztiei Mintzaneten izena ematera gonbidatzen ditut. Ez bakarrik euskara ikasteko, baita lagunak egiteko ere!".

Nola apuntatu?

Mintzanet erabiltzen hastea oso erraza da. Jo www.mintzanet.net webgunera eta Zer da Mintzanet? atalean plataformari buruzko azalpenak jasoko dituzu. Izena emateko, jo hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia