euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoyko Euskal Etxeko Amalur sukaldaritza taldea, euskal amonen errezeten lekukoa gazteei pasatzea helburu hartuta

2023/03/03

Amalurreko zenbait kide Haritzak egindako nikiak soinean, ezker eskuin, Alicia Ferreyra, Teresa Maritorena, Elena Medice, Emilce Iriarte, Juanita Iraizoz, Mª José Gallo eta Nidia Ibáñez
Amalurreko zenbait kide Haritzak egindako nikiak soinean, ezker eskuin, Alicia Ferreyra, Teresa Maritorena, Elena Medice, Emilce Iriarte, Juanita Iraizoz, Mª José Gallo eta Nidia Ibáñez

PUBLIZITATEA

Chivilcoy, Argentina. Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko Amalur emakume taldeak sukaldaritzaren bidez lagundu nahi du euskal tradizioa gordetzen. Eta erronkatzat hartu du, aurten kide berriak eta gazte jendea erakartzea eurenera. Karia horretara, deialdi publiko bat egingo dute laster sare sozialetan, odol berria biltzearren hilean bitan Euskal Etxeko egoitzan afariak prestatu eta eskaintzen dituen taldera.

Argentinako landa eremuan finkatu ziren etorkinen ondorengoak, Amalurreko sukaldariek errezeta horiek maite dituzte, bertako behi, txerri, arkume edo oilasko haragiz egindakoak; eta izan ere arrautzak eta esne ugari osagai dituzten platerak prestatzen dituzte, "antzinako erara". "Ez dugu sobera maite gourmet erako janaria egitea, familian jan ohi diren platerak baizik", aitortzen dio Elena Medice taldeko arduradunak Euskalkultura.eus-i.

Beti Aurrera EEko parte garrantzitsua

“Identifikatzen gaituen zigilu bat izatea maite dugu, nabarmentzea, eta Euskal Etxearen parte garrantzitsua garela uste dugu”, gaineratzen du. Horregatixe, La Platako Maitena Etcheverry eta María Fernanda Astigarragaren “Haritza”ko kideengana jo zuten, egun herro erabiltzen dituzten eskuz margotutako kamisetak diseinatu eta egin ziezazkieten, sukaldari taldearen adierazgarri.

“Kostatzen ari zaigu jende berri eta gogotsua, gazte jendea, erakartzea, eta hori da, hain zuzen ere, aurtengo gure buruari ezarri diogun etxekolana: jende berria biltzea", dio Elenak. Taldekide den Juana Iraizoz alaba, 17 urterekin, da kuadrillako kide gazteena. Beste muturrean Emilce Iriarte dago, 80 pasexerekin, sukaldari aditua, bereziki gozoetan. Eta Elenarekin batera, erosketen arduradunetako bat da.

Talde lana da, bildu nahi duzu?

Silvana Barroso eta Alicia Ferreyra zenbakiez arduratzen dira. Nidia Ibáñez, Beti Aurrerako lehendakaria izateaz gain, ogi-budin ospetsuaren egilea ere bada. Teresa Maritorena sukaldearen antolatzaile trebea da, Eleonora Pagone, garbiketaren arduraduna, María José Gallo, bizigarrietan aditua eta Marta Cleci, sareetan zabaltzearen arduraduna.

Baina rolak alde batera utzita, janaria prestatzeko orduan, lana guztion artean egiten da. Momentuz ez daukate gizonik taldean, baina ongi etorria litzateke.

Publikoari prestatzen dizkioten afarietan gehienez 60 mahaikide onartzen dituzte, pertsona bakoitzari behar bezalako arreta eskaini ahal izateko. Etxera eramateko platerak ere eskaintzen dituzte, pandemiak aukera hori bereziki hedatu baitu. Aurrera Amalur, beti aurrera!

Amalur taldekoekin harremanetan jartzeko, idatzi edo deitu hona: +54 9 2346 456327.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia