Chivilcoy, Argentina. Gaur goizean iritsi zaigu Marta Invernozen heriotzaren berri tristea. Marta, Beti Aurrera Euskal Etxeko erreferente nagusietako bat izan zen eta bere ibilbidean zehar baita Chivilcoyko SADE elkarteko kide aktibo eta hiriko zinegotzia ere. Covid-19ak sortutako pneumonia latz baten ondorioz, Pilar-ko Austral Ospitalean zegoen eritetxeratuta eta bertan zendu da gaur goizean.
Chivilcoyko lehenengo euskara irakaslea izan zen Marta. Euskara Munduan programaren baitan trebatu zen 2008-2011 urteen artean, eta mota askotako ekimenak bultzatu zituen Euskal Etxean euskara eta hiriko kultura batzeko, besteak beste “Sueños, hechos… y palabras” (Ametsak, ekintzak… eta hitzak) olerki bilduma elebidun euskara-gaztelania, esaterako, Chivilcoyko idazleen lanak antologia horretarako bildurik.
Pandemiaren ondorioz hiletarik ez da egingo baina hil-autoa Euskal Etxearen aurrean geratuko da minutu batzuk 6:15etan. Agurtu nahi duena bertara daiteke Euskal Etxera. Ondoren Lagoa apaizak meza emango du bere omenean.
EuskalKultura.eus-etik doluminak adierazi nahi dizkiogu Chivilcoyko euskal gizataldeari, Beti Aurrera Euskal Etxeari eta bereziki Yamil eta Ivan, Martaren semeei. Goian bego (GB)