euskal diaspora eta kultura
2010/09/09
PUBLIZITATEA
Chivilcoy, Argentina. Chivilcoyko 'Beti Aurrera' Euskal Etxearen programak deialdia markatzen du gaurko. Gaur katolikoentzat Arantzazuko Andra Mariaren Eguna izanik, meza egingo dute euskal elkartekoek, 2007ko ekainaren 25etik hona euskal etxean bertan jargiratua duten Arantzazuko Ama Birjinaren irudia gogoan. Gipuzkoako Arantzazuko Basilikaren baitan dagoenaren replika da Chivilcoykoa, Euskal Herritik propio ekarrarazia, aurretik Argentinan bertan, San Luis probintziako Villa Mercedesko Euskal Etxekoek emaniko pausoen atzetik.
Bestalde, irail honetarako Chivilcoyko euskal gizataldearen baitan iragarrita dauden gainerako ekimenak aipatzearren, datorren igandean Euskal Etxeko dantzariak Gorostiaga herrira joango dira, euskal izeneko herri honen Mendeurrena dela-eta antolatutako ekitaldietan parte hartzeko. Kabalkada edo paradan arituko dira eta ondoren, emanaldia ekainiko dute baita ere Mendeurreneko bazkarian.
Chivilcoyko Beti Aurrera ezagutua da, bestetik, antolatzen dituen dantza eta jaiengatik, euskal zein argentinar. Karia horretara, irailaren 25erako, afari bat antolatu da Udaberriari ongi-etorria ematearren, Jorge Zuninoren show, emanaldi eta musika lagun. Sarrerak salgai daude dagoeneko, erakundean bertan edo, telefonoz, 421661, 422552, 420722 edo 421050 zenbakietara deiturik.
Urri hasieran, azkenik, bi ekitaldi iragarri dituzte dagoeneko Beti Aurrerakoek. Batetik, bertako dantzari taldekoen deia izan da, solasaldi eta dantzaldi baterako, musika, emanaldiak eta lagunekin biltzeko, adin mugarik gabe. Eta urriaren 8an, tangeria baten txanda heldu da, Juan Francisconeren orkestrarekin, EuskalKultura.com-i Euskal Etxeko idazkari den Nelba Calonge de Letamendik adierazi dionez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus