Chivilcoy, Argentina. Covid-19ren aurkako neurri murriztaile zorrotzak eta txertatze-kanpaina –40 urtetik gorako herritarrak ari dira jasotzen egunotan lehenengo dosia– emaitza onak ematen ari dira eta Buenos Aires probintziako hainbat euskal etxek gero eta hurbilago ikusten dute, maila batean, euren aurreko martxa berreskuratzeko aukera. Hala da, beste batzuen artean, Chivilcoyko Beti Aurreraren kasua. Izan ere, osasun neurri guztiei jarraituz, duela bi aste hasi dira dantzari helduak entseguak aurrez aurre egoitzan egiten.
Eta aurrez aurreko saioetara bueltatzean, taldearen lehenengo ekintzetako batek bat egin zuen Argentinako Banderaren Egunarekin, esan nahi baita ekainaren 20an –Manuel Belgrano banderaren sortzailea 1820ko ekainaren 20an hil zelako– ikurrari nazionalari herrialde osoan zehar egiten zaizkion omenaldiekin, eta kasu honetan dantzari chivilcoytarrek aurrez aurreko aurreskua dantzatu zioten ikur argentinarrari, beheragoko irudiek nabarmentzen duten moduan.
[Beti Aurrerako dantzariak Gernika Plaza Txikian, Argentinako banderaren Egunean]
Berri honekin batera Euskal Etxeak jakinarazi digu oraindik triste baina baita itxaropentsu ere, aurrez aurreko euskara klaseak berreskuratzekotan daudela. Gogora dezagun ikastaroak bertan behera geratu zirela iaz Euskal Etxeko irakaslea zen Marta Invernoz Koronabirusez hil zenean. Adriana Irrazabal Garmendia da irakasle berria.
Ez da erraza izango Euskal Etxearen betiko martxa berehala berreskuratzea eta pausoka egingo dute chivilcoytarrek. Ahalegin handia ari dira egiten bazkide eta lagunekin internetez eta sare sozialen bidez kontaktuan jarraitzen. EEko proposamen eta jarduera batzuk, hala nola ‘Amalur’ sukaldaritza tailerra, zine zikloa, eta Aiko Dantza Eskolan dantzariak jasotzen ari diren trebakuntza, on line mantenduko dira momentuz.
Beti Aurrerak gogorarazi nahi dio komunitateari ‘Gernikako Arbola’ Literatura Lehiaketaren 10. edizioa abian dagoela eta lanak bidaltzeko azken epea irailaren 7a dela, baina lanen bat idatzi eta bidali nahi izatekotan hobe dela ez geroratzea, eta garaiz ibiltzea.
-‘Beti Aurrera’ Facebook-en, Centro Vasco Beti Aurrera Chivilcoy
-‘Beti Aurrera’ Instagram-en, centrovascochivilcoy