euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoyko dantzariek Nafarroako irakasle batek internetez irakatsitako dantza bat taularatu zuten Euskal Astean

2017/12/04

Chivilcoyko Euskal Etxeko dantzariek 'La Revoltosa' aurkeztu zuten San Nicolaseko Euskal Astean
Chivilcoyko Euskal Etxeko dantzariek 'La Revoltosa' aurkeztu zuten San Nicolaseko Euskal Astean

PUBLIZITATEA

2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionala joana den arren jaiari lotutako istorio eta pasadizoek –eta ohar eta agurrek– segitzen dute iristen gure erredakziora. Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxetik idatzi digute, publikoki eskerrak emateko Tuterako dantza irakasle Juan Sainz-i. Berari esker eta internetez harremanduz lortu zuten materiala eta informazioa, eta trukatu dituzte entsaioetako bideoak, Euskal Asteko Dantza Gaualdian Tuterako La Revoltosa dantzatzeko.

Chivilcoy, Argentina. 2017ko Euskal Asterako dantza bat bilatzen hasi zirenean, zerbait tradizionala baina aldi berean ezberdina nahi zuten Chivilcoyko Beti Aurrerako dantzariek. Instituzioko erreferente den Nelba Calongek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “ideia hori buruan, interneten hasi ginen miatzen, euskal jai herrikoei buruzko informazio bila, hango herriekin edo adituekin kontaktatzeko asmoarekin. Honela topatu genuen Tuterako San Ana festa eta festaren baitan dantzatzen den ‘La Revoltosa’. Bideo batzuk topatu genituen eta Tuterako jendearekin kontaktatuz, Jesus Marquinaren bidez, Juan Sainzengana iritsi ginen”.

“Hasi-hasieratik", jarraitzen du Beti Aurrerako erreferenteak, "eskuzabal eskaini zigun bere laguntza: dantza prestatzen hasteko, jaiaren historia kontatu zigun; gero, polka, Tuterako Jota eta Revoltosa koreografiaren musika bidali zizkigun, Tuterako Musika Bandak joa; eta berak zuzentzen duen dantza taldea filmatu zuen dantza hauek entseatzen guk ikusi eta ikasi ahal izan genitzan. Aldi berean, guk berari kontatu genion nolakoak diren Argentinako Euskal Asteak, zer nolako garrantzia duten gure euskal etxeentzat, berak hemengo berri ez zuelako... Eta badirudi irudi ona transmititu geniola esan baitigu etortzeko txartela erosteko zorian egon zela”, jakinarazi digu Nelba Calongek.

Lan trinkoko hilabete batzuk eta gero, eta teknologia berriak tarteko trukatutako entsaioetako bideoak ikusi, komentatu eta behin eta berriro zuzendu ostean, Chivilcoyko euskal dantzariek San Nicolaseko Euskal Asteko Dantzaldian aurkeztu zuten irakasle nafarrarekin ikasitakoa eta Tuterako dantza tipikoak bete-bete egindako Rafael de Aguiar Udal Antzokiko ikusleen txalo beroak jaso zituen, 


[Beti Aurrerako dantzariak La Revoltosako koreografia dantzatuz 2017ko Euskal Asteko Dantzaldian]

Bizi izandakoaren balantzea egiteko tenorean, esker oneko hitzak baino ez dituzte Chivilcoyko Euskal Etxeko kideek Juan Sainz-entzat. “Egiari zor, hasieran ez geneukan berari buruzko datu handirik baina ezagutu ahala ohartu ginen asko dakiela eta garrantzi handiko pertsona dela dantza munduan eta jardunbide handia duela nafar dantzak irakasten. Polita litzateke bera bezalako kultur erreferenteak Argentinara etortzeko aukera izatea dakitena hemen euskal etxeetan irakas dezaten”, proposatzen du Beti Aurrera-ko lehendakari ohiak.

Bi ondorio bederen atera daitezke istorio honetatik; euskal etxeetako dantzariek gogor egiten dutela lan Euskal Asteko ikuskizuna prestatzen; eta Euskal Herria eta bere diasporaren arteko distantzia geografikoa erraz gaindi daitekeela asmo onak daudenean. Zorionak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia