euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoyko Beti Aurrerak Udaberriari ongi etorria eman eta artea eta artesautza erakutsiz hasi du urria

2008/10/14

Arte erakusketaren baitan tangoa dantzatu zuen Lujan eta Ruben Posse bikoteak
Arte erakusketaren baitan tangoa dantzatu zuen Lujan eta Ruben Posse bikoteak

PUBLIZITATEA

Hegoamerikan duela hiru bat aste sartu ziren Udaberrian eta Argentinako Chivilcoy hiriko 'Beti Aurrera' Euskal Etxeak harrera afari-ekitaldi berezi batez eman zion ongi etorria. Jendetza bildu zen eta parrila berriak estreinatzeko aukera izan zuten. Ekitaldi ostean dantzaldia etorri zen eta giro ederrean amaitu zen gaua. Handik egun gutxitara, arte erakusketa baten inguruan bildu ziren 'Beti Aurrera'-koak. Inguruko hainbat artistak euren lanak erakusteko aukera izan zuten, tartean euskal jatorrikoak. Ez ziren falta izan kantak, dantzak, pintxoak eta giroa.

Chivilcoy, Argentina. Udaberriaren etorrerarekin batera ekitaldiak ugaritzen ari dira Argentinan. Chivilcoy hirian afari batekin eman zitzaion ongi etorria urtaro alaiari. Bertako 'Beti Aurrera' Euskal Etxeko Komisioak urteroko afaria erraldoia antolatu zuen irailaren 20an eta espero zen jende andana hurbildu zen bertara, bazkide zein lagun. Sergio Giorello izan zen Euskal Etxeko parrila berriak estreinatzeko ardura hartu zuen sukaldaria eta oilasko ugari erre zituen. Behin afaritan hasita, Emi eta Raul bikoteak folklore argentinarraren erakustaldi bat eman zuen. Ondoren Lujan eta Ruben-ek tangoa dantzatu zuten eta Javier Care-n ahots eta musikak bazterrak girotzen segitu zuen. Afaria bukatuta, Euskal Etxeko kolaboratzaile Chichita Dure-k doan emandako lore eta mahaietako lore-sortak arrakastaz zozketatu ziren. Giro ederra, udaberriari ongi etorria emateko.

Bi astebururen buruan beste ekitaldi batekin ospatu zuten 'Beti Aurrera'koek urriaren lauko larunbata, beste urte batzuetan bezala arte eta artesautza erakusketa bat antolatuz, Ruben Echeverria artistaren laguntzarekin. Bertan erakutsi ziren, besteak beste, margoak, margolari Graciela Ferrer de Pastorino, Sandra Fernandez de Deluchi, Javier Fournodablos, Hugo Prietto, Derlis Lopez, Ruben Lorenzo, Pocho Otaviano eta Lujan Armagno;, zur-lanak, Jose Charco Maradei-ren eskurik; buztingintza, Roberto Navaridas erakusle.

Artisautza, eskulangileak Antonio Maniscalco, Rodolfo Gosto, Pepe Adami Zugarramurdi eta Angelita Giorello; argazkigintza, Derlis Roger egile; eta bildumak, Susana Di Virgilio, Gladys Echeverria, Ivan Lugren, Marcelo Becaria, Nestor Grassi, Ruben Echeverria eta Nicolas Coleda bildumagile. Arte lan hauen egileetako batzuk euskal jatorrikoak ziren. Erakusketaren baitan, pintxoak eta La Bordalesa bodegako ardoak eskaini ziren dastagarri. Ekitaldian, Orlando Zacardi, Gabriel Sosa eta Nicolas Coleda kantariek tangoak abestu zituzten eta Lujan eta Ruben Posse bikoteak tangoa dantzatu.

Lotura interesgarriak

Chivilcoyko 'Beti Aurrera' Euskal Etxea
http://www.centrovascochivilcoy.blogspot.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia