euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoyko 'Beti Aurrera' Euskal Etxeak Euskal kulturarekiko 27 urteko engaiamendua ospatu zuen

2010/07/19

'Beti Aurrera' Euskal Etxeko kideak topa egiteko momentuan (argazkia EE)
'Beti Aurrera' Euskal Etxeko kideak topa egiteko momentuan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

“Bailarak eta mendiak. Paisaia ezagunak utzi zituzten erronka handi bati eusteko: Ameriketara etortzea bizitza hobea izateko. Urrun geratu ziren hariztiak, herrietako tabernak, ermitak, sendia, lagunak… Amets bat jarraitzen zuten: lan gogorraren ondoko saria. Artzain eta nekazari, argentinaratu ziren ehunka euskaldunek beren harri-koskorra ekarri zuten gure herria eraikitzeko, aberri bihurtuko zuten herria. Gaur, etorkin haien ondorengoak, euren jatorriaz harro, Euskal Herriko kultura eta tradizioak mantentzen saiatzen dira Chivilvoy-ko 'Beti Aurrera' Euskal Etxean. Eta euskal komunitateak herrian duen lekua hogeita zazpi urte hauetan lana ondo egin izanaren paregabeko proba da”. Hitz hunkigarri hauekin zabaldu zuten 'Beti Aurrera'-ko euskaldunek bertako euskal etxearen urtemuga. Ospatzeko, afari erraldoi bat egin zuten joan den uztailaren 10ean.

Chivilcoy, Argentina. Euskaldunak eta herrian bizi diren beste gizataldeen ordezkariak bildu ziren joan den uztailaren 10ean euskal erakundearen 27. urteurrena ospatzeko. Jaiari hasiera emateko, etxeko kide den José María Letamendik 'Beti Aurrera'-ko lehenengo urteak ekarri zituen gogora. Ondoren, Luis Goicoecheak, euskal etxeko lehendakariak, ongietorria eman zien lagun guztiei baita FEVAren izenean gerturatutako Hugo Andiazabal federazioko diruzainari ere.

Chivilcoy-ko Beti Aurrera 27 urtemuga 2010 01

[Dantza Taldeko ertainek Kontradantza dantzatu zuten]

Gauean zehar, etxeko dantzariek euren dantzekin alaitu zuten festa. Kontradantza, Fandango eta Arku Dantza izan ziren ikusi ahal izan ziren koreografia batzuk. Urtebetetzeko opila dastatzeko momentuan, gonbidatu guztiak brindisa egiteko btu ziren. FEVAko ordezkariaz gain, Chivilcoytik kanpoko beste euskaldun batzuk ere bertaratu ziren jaira, Suipachako Zulma Aldabe tartean.

Chivilcoy-ko Beti Aurrera-ren 27 urtemuga 2010 02

[Urtebetetzeko tarta] 

Jakina denez, Argentinako distantziak oztopo bihurtu ohi dira batzuetan. Horregatik, euskal etxeko lagun bat baino gehiago ezin izan zen Chivilcoyko jaira hurreratu. Alabaina, agurrak bidali zituzten e-mailez. Hau da Saltako Gure Etxea eta Uruguaiko San Jose de Mayo-ko euskal kolektibitatearen kasua. Pehuajoko, Pergaminoko eta Arrecifesko euskaldunek ere beren zorion-agurrak helarazi zizkieten Chivilkoy-koei; 27 urte betetzen ari zen erakunde honek, FEVAren eta Rosarioko Emakume Abertzale Batza elkartearen agurrak ere jaso zituen.

27 urteko ibilbidea

Etengabeko lana egin dute Chivilcoy-ko euskaldunek hiru hamarkada hauetan. Hori da agian gero eta biziago aritzeko sekretua. Ezerk ez ditu geldiarazten eta ibilbide horretatik jarraitzen dute. Euskal Etxeak engaiamendu handia du euskal kolektibitatearekin, bistan da, baina txertatuta dagoen herrialde eta komunitatearekiko konpromisoa ere ez da txikia. Horren adierazgarri, Maiatzean 100 liburu eman berri dizkio zion dohaintzan 'Beti Aurrera'k Santiago del Estero probintzian dagoen “República de Bolivia” eskolari.

Uztailaren 9an, berriz, Argentina herrialdeko Independentziaren ospakizunetan hartu zuten parte Chivlilcoy-ko euskaldunek. Udaletxeak antolatutako herriko festetan ikurrina altxatu zuten 'Beti Aurrera'ko kideek.

Chivilcoy-ko Beti Aurreraren urtemuga 2010 03

[Beti Aurrera-ko kide aktibo eta langile etengabea den Nelba Calonge de Letamendi (ezkerrean, beltzez) Euskal Etxeko dantzariekin]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia