euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Beti Aurrera Euskal Etxeak 170 lagun bildu zituen Argentinako Chivilcoy-n Aberri Eguna ospatzeko afarian

2011/04/26

Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxearen 2011ko Aberri Eguneko ospakizuna (argazkia EE)
Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxearen 2011ko Aberri Eguneko ospakizuna (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Datozen egunotan munduko hainbat euskal etxetan Aberri Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldien berri ematen joango gara. Pazko igandean ospatzen da Aberri Eguna Euskal Herrian. Hala ere, euskal diasporako herrialde batzuetan astebete beranduago edo lehenago egin ohi da ospakizuna, ahalik eta jende gehiago bildu ahal izateko. Hau izan da aurten Buenos Aires probintziako Beti Aurrera Euskal Etxearen kasua. Chivilcoyko lagunek afari erraldoi bat antolatu zuten apirilaren 16an, hamaika euskaldunentzat hain garrantzitsua den efemeridea gogoratuz hitzez eta dantzez, inguru herrietako lagunak partaide.

Chivilcoy, Argentina. Helduak eta gazteak. Euskal etxeko guztiek beren hondar-alea edo harri-koskorra jartzen dute festa gauzatzearren. Gisa tradizionalean partekatzen dute lana eta arratsaldean zehar emakumeak gogor dabiltza lanean janaria prestatzen, gizonak errekia antolatzen eta neska-mutil dantzariak dantzak entseatzen. Horrelakoak izan ohi dira jai egunen prestaketak Chivilcoyko euskal etxean eta horrelakoa izan zen apirilaren 16an, Aberri Eguna ospatzeko.

Gaueko 9ak aldera hasi zen afaria herriko Palemón Huergo kaleko 71. zenbakian dagoen egoitzan eta gonbidatuei ongi-etorria eman ondoren, Aberri Egunak euskaldunentzat daukan esangura azaldu zieten bertaratukoei Beti Aurrera-ko kideek. Jarraitzeko, dantza taldeak pieza batzuk dantzatu zituen, tartean martxoan Cañuelaseko V. Dantzari Topaketan egindako koreografia.

“Oso ondo pasa genuen, oso pozik geuden guztiok, ospakizunak 170 lagun bildu ahal izan baitzituen”, adierazi digute euskal etxeko arduradunek. “Bereziki eskertu nahi genuke gure etxeko emakumeen lana, ezinbestekoa baita ekintzak aurrera eramateko”, azpimarratu dute Beti Aurrera-ko arduradunek.

Datozen egunetan segituko ditugu argitaratzen Argentinan eta munduan zehar hainbat euskal etxetan Aberri Egunaren karietara egindako ekitaldien kronikak, EuskalKultura.com-en lagun-sareak bidalitako informazioak iritsi eta prozesatzen joan ahala.

Argentinako bertako erritmoa ere bai

Bestalde eta Chivilcoyn, gaia aldatuz, aurreko urteetan bezala 2011 honetan ere Beti Aurrera euskal etxeak ateak irekiko dizkie inguruko tango-zaleei. Apirilaren 8an burutu zen 'milonga'n jende anitzek dantzatu zuen tangoaren eta argentinar folklorearen erritmora.

Beti Aurrera Euskal Etxeak antolatutako milonga 2011 01

[Urteko lehenengo milonga apirilaren 8an ospatu zen Beti Aurrera Euskal Etxean (argazkia EE)]

Hasteko tango eskolak eman ziren eta ordu txikiak arte geratu ziren dantzariak pausoak praktikatzen. Lehenengo topaketa honetan Gabriel Sosa abeslariaren errezital bat ere bildu zuen ekitaldiak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia