Chivilcoy, Argentina. Mota askotako aktibitateak ari da antolatzen azken bolada honetan Buenos Aires probintziako Chivilcoy hiriko Euskal Etxea. Oihartzuntsuenetako bat, seguruenik, hiriko SADE-Idazleen Elkartearekin batera bultzatzen duen ‘Gernikako Arbola’ literatura lehiaketa izango da.
Lehiaketaren bosgarren edizioa abian da jadanik. Gaia eta generoa libreak dira eta parte hartzaileek 18 urtetik gora izan behar dute eta Argentinan bizi. Lanak bidaltzeko epea uztailaren 25ean bukatuko da eta bukatu eta gero hilabete hartuko dute epaimahaikideek emaitzak kaleratzeko. Sariak irailean eskuratuko dira, Euskal Etxearen topaketa batean. Lehiaketaren oinarri guztiak, hemen.
180 lagunentzako afaria
Euskal Etxeak, aurrera daramatzan ekimenak komunitateari erakustearren, afari ederra eskaini zuten Beti Aurrerako kideek hiriko 180 bat lagun partaide. Afarian Literatura Lehiaketa aurkezteaz gain, egun batzuk lehenago hiriburuko Mayo Etorbidean aurkeztutako dantzak eskaini zizkieten Etxeko dantzariek gonbidatuei.
Mus, Zine eta Iraultzaren Eguneko desfilea
Urteko programa zintzo betetzeko helburuarekin, maiatzaren 27an ‘Mus Gaua’ egin zuten Chivilcoyko lagunek Euskal Etxearen egoitzan. Afaldu aurretik eta ondoren musean jokatzen ikasten ibili ziren hainbat kide Guillermo Serio muslariaren eskutik.
Pare bat egun lehenago, Maiatzaren 25ean, berriz, euskal gizataldearen izenean bertaratu zen Beti Aurrera Euskal Etxea Iraultzaren Eguneko Kabalkadan. Udalak gonbidaturik, erakundeko lehendakaria den Alberto Mindeguiak eta Cata Ibañez idazkariak eraman zituzten Argentinako bandera eta ikurrina.
Maiatzaren programari amaiera emateko, euskal zinea ikusi zuten chivilcoytarrek maiatzaren 29an, Carlos Gabilondok aurkeztutako pelikulari esker. Zikloaren bosgarren urteko lehenengo saioan, ’80 Egunean’ proiektatu zen Beti Aurreran.
San Juan
Orain, eta ekaineko programari begira, bizkor ari dira lanean Etxeko heldu eta txikiak San Juan Suan erreko duten panpin erraldoia bukatzeko. Panpinak zazpi metro luzera dauka eta sua ekainaren 26an egingo da.