euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chivilcoyko Euskal Etxeak etzi hasiko ditu, gastronomia saio batez, bere 30. urteurreneko ekitaldiak

2013/06/05

Sukaldaritza Ekitaldian parte hartzeko gonbitea
Sukaldaritza Ekitaldian parte hartzeko gonbitea

PUBLIZITATEA

Egitarau oparoa antolatzen ari da Buenos Aires probintziako Chivilcoyko Euskal Etxea erakundearen 30. urtebetetzea ospatzeko. Programak mota askotako aktibitateak batuko ditu, tartean, literatur lehiaketa bat, sukaldaritza ekitaldia eta hitzaldi bat. Horrez gain, San Juan Sua piztuko dute Chivilcoyko lagunek egoitzaren aurreko plazan ekainaren 30ean, eta Urtebetetzeko Afaria eskainiko dute instituzioaren egoitzan, uztailaren 28an. Anima zaitez eta har ezazu parte Beti Aurrera-ren urtebetetzean!

Chivilcoy, Argentina. Aktibitate handiko egunak datozkie datozen hilabeteotan Chivilcoy-ko Euskal Etxeari eta bertako euskal gizataldeko partaideei. Beti Aurrera Euskal Etxeak hogeita hamar urte beteko ditu uztailaren 7an eta bazkideek ‘behar bezala’ ospatu nahi dute, hau da, Euskal Herriko kultura zabaltzen eta aldi berean lagunen artean topa egiteko elkarretaratzeak sortzen. Helburu horiekin, ekintza anitzeko programa garatuko du erakundeak ekainean eta uztailean, eta baita geroago ere, 30. urtemugako urte honetan. Lehenengo hitzordua ostiral honetan izango da eta proposamena, euskal plater tipikoak prestatu eta dastatzea izango da. Ohi bezala, herriko eta inguruetako euskaldunak eta ez-euskaldunak daude gonbidatuta. Hona programa:

EKAINA

-Ekainaren 7an, arratsaldeko 6etan: Euskal Sukaldaritza Zuzenean. Eduardo Olivetto chefaren eskutik, pintxoak, txistorra, itsaskiak eta postrea prestatuko dira. Txartela, 100 peso.
-Ekainaren 28an, arratsaldeko 6etan: Euskal genealogiari buruzko hitzaldia, 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' izenpean, Laura Nobile hizlari. Sarrera doakoa.
-Ekainaren 30ean, arratsaldeko 4etan: San Juan Sua eta Sorgina erretzea.

UZTAILA

-Uztailaren 6an: Euskal etxeko euskara eta dantza taldeek antolaturik, Urteurrenaren ospakizun ofiziala. Zeremoniaren baitan, oroigarriak eskuratuko zaizkie Zuzendaritza Batzordekide izandakoei.
-Uztailaren 13an: Ekitaldi Solidarioa eta Dantza Taldearen emanaldia. Bildutakoa, beharrean daudenen alde diharduen herriko erakunde bati emango zaio.
-Uztailaren 28an: Urteurren Afaria. Animazioa, Luciano Rocharen esku. Txartelak salgai.

Ekintzen egitarauak abuztutik aurrera jarraituko du eta xehetasunak zehaztu ahala jakinaraziko dira proposamen berriak. Bitartean, gonbite hauei buruz informazio gehiago eskuratzeko, euskal etxearekin jarri behar da kontaktuan letamendijosemaria@speedy.com.ar helbidean edo Facebook-en bidez Centro Vasco Chivilcoy kontua medio.

‘Gernikako Arbola’ Literatur Lehiaketa

Urtemugaren baitan, SADE (Sociedad Argentina de Escritores) elkartearekin batera bultzatutako ‘Gernikako Arbola’ literatur lehiaketaren bigarren edizioa jarri du abian Chivilcoyko Beti Aurrera-k. Idazlanei dagokienez, poesia generokoak izan behar dira eta gaia, librea, Gernikako Bonbardaketarena barne. Obrak bidaltzeko epea uztailaren 31ean bukatuko da eta oinarriak hemen irakur daitezke.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia