Chivilcoy, Argentina. Aktibitate handiko Euskal Etxea da urtean zehar Chivilcoyko Beti Aurrera; ekintza kulturalak, artistikoak eta olgetarakoak antolatzen ditu, oso erantzun onarekin gainera. Haatik joan den asteburuko biak bereziak izan dira, hala esan digute. Igandean La Platako Euzko Etxeko Cesar eta Andoni Etcheverryren bisita jaso zuen bertako Amalur sukaldaritza taldeak eta elkarrekin 2018ko ‘Los Sabores de Berisso’ gizatalde sukaldaritza txapelketako errezeta irabazlea prestatu zuten: Tolosako babarrunak. “Lan handia hartu genuen dena antolatzen, baina primeran pasatu genuen eta errepikatzeko asmoa dugu”, onartu dute sukaldariek.
Asteburuko beste ekintza berezia, komunitateari begirako dantza tailerra izan zen. Klasea –teorikoa zein praktikoa– goiz-goizean hasi zen larunbatean, eta arratsaldera arte luzatu, etxeko ertaineko taldeko dantzariak lagun. Tailerraren ardura, EEko dantzari izandako eta 2018ko Gaztemundu bekan parte hartu zuen Micaela Trussok hartu zuen.
Ekain honetan, Euskal Etxeak antolatuko duen hurrengo ekintza San Juan Jaia izango da. 23an izango da, arratsaldeko 3etatik aurrera, Euskal Etxearen egoitza aurrean. Programaren barnean zenbait emanaldi eskainiko dira –euskal dantzak, herriko artistak…– eta kantina ere irekiko da.
Beti Aurrerari buruzko informazio eguneratua, Chivilcoy Beti Aurrera facebook kontuan.