Chivilcoy, Argentina. Koronabirusaren ondorioz, urteurren jairik gabe geratzen ari diren euskal etxeak asko dira mundu osoan, hauetako bat, Chivilcoyko Beti Aurrera. Festa bertan behera utzi behar izate honek hutsune handia utziko du 2020ko Euskal Etxearen egitarauan. Egitarauan. Ez ordea Euskal Etxeko bazkide eta lagunen bihotzean. Izan ere, proposamen sorta bat luzatu du euskal elkarteak, nahi duten guztiek beraiekin batera ospatu ahal izan dezaten.
Uztailaren 7tik aurrera, Euskal Etxean garatzen ari diren ekintza guztiei buruzko bideoak ari dira igotzen euren Facebook eta Instagram kontuetara. Lehenengo bideoan, Alberto Mindeguia Euskal Etxeko lehendakariak komunitatea agurtzen du eta bi bazkidek --guztiak musukoak aurpegian-- argentinar bandera eta ikurrina altxatzen dituzte egoitzaren aurreko plazan dagoen hagan.
[Urteurrena dela eta Beti Aurrera-k prestatutako lehenengo bideoa]
Astean zehar sareetara igoko dituzten eduki berriek honako gaiak jorratuko dituzte: dantzak –Beti Aurrera-ko dantza taldearen historia, Nelba Calongeren eskutik–, euskara, zinema, sukaldaritza, kirolak, literatura, eta Euskal Etxearen historia. Beti Aurrerako lagunek agurrak bidaltzeko aukera ere izango dute eta argitalpenen bildumari amaiera emateko, Gabriel Arestiren ‘Nire Aitaren etxea’ poesia abiapuntu hartuko duen saio bat prestatuko dute.
Kopak altxatzera ere gonbidatu nahi du Euskal Etxeak. Topa egitea Zoom bidez izango da, ostiral honetan, uztailaren 10ean, iluntzeko 8etan (bileraren IDa: 742 4982 1341, pasahitza, chivilcoy, honelaxe idatzia).
Zorionak... eta Beti Aurrera, Chivilcoy!