euskal diaspora eta kultura
2011/05/06
PUBLIZITATEA
Chino, AEB. Chinoko Euskal Etxeak Pilota Bestaren edizio berria ospatu zuen iragan apirilaren 30ean. Jaia Bidart frontoian egin zuten eta ospakizun honen bidez Chinoko euskal komunitateak eskerrak eman zizkion Bidart familiari, azken 30 urteetan euren etxeko frontoia bertako pilotazaleekin partekatzeagatik.
Berrehun lagundik gora bildu ziren ekitaldira, bikoteari eta euren familia osoari esker ona eta maitasuna adierazteko. Egun osoan zehar pala eta pilota soinuek bete zuten Bidart frontoia. Pilotariek esku pilota partidak jokatu zituzten eta pala erakustaldi bat egin zuten. Mike Bidartek ere pala hartu eta jokatu zuen.
[Pilotariak lehian (argazkia Linda Iriart)]
[Pilotazaleak, tartean etxekoak ere, adi adi partidak ikusten (argazkia Linda Iriart)]
[Mike Bidartek palarekin trebetasun galanta erakutsi zuen (argazkia Linda Iriart)]
Ilunabarrean frontoia goitik behera aldatu eta afarirako 200 lagunentzako mahaiak prestatu zituzten kantxan. Barbakoa estiloko menua dastatu ostean, John Ysursak, Chinoko Euskal Etxearen izenean, eskerrak eman zizkien Mike eta Jeanette lagunei, Kaliforniako euskal komunitateari eginiko ekarpen eskuzabalagatik.
[Bidart frontoian egin zen afari jendetsuaren irudia (argazkia ChinoBC)]
[John Ysursa, Chinoko euskaldunen izenean, eskerrak ematen Mike eta Jeanette Bidarti (argazkia Chino BC)]
Egunari bukaera emanez, gazte zein nagusiak dantzan aritu ziren frontoian, Denis Petrissans eta Denise Duharten musikak girotu zuen dantzaldian.
-Argazki gehiago Chino Basque Club elkartearen webgunean, hemen
-Nancy Zubirik eginiko kronika (ingelesez), EuskalKazeta webgunean
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus