euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Chilozabal', Chiloe irlan egiten den Idiazabal ezagunaren estiloko gazta, arrakasta handia izaten ari da Txilen

2008/09/12

Chilozabal gazta Chiloe irlan ekoizten da ardi latxen esnearekin
Chilozabal gazta Chiloe irlan ekoizten da ardi latxen esnearekin

PUBLIZITATEA

'Chilozabal' Txilen dagoen latxa arrazako artalde bakarraren esnearekin egiten den gazta berezia da. Arantzazuko Artzain Eskolan ikasia den Rafael Maripan txiletarra da gazta honen ekoizlea. Arantzazuko esperientziak eta Idiazabal gaztaren arrakastak inspiratuta Txilen antzeko proiektua abian jartzea erabaki zuen eta erantzun bikaina izaten ari da. Egunotan Rafael Euskal Herrian da, Josune bere emazte arabarrarekin batera, artaldearen produkzioa gehitzeko moduak aztertu eta horrela eskari gero eta handiagoari erantzun ahal izateko. Chilozabal gazta Txileko jatetxe ezagunetan dasta daiteke, eta erosi, internet bidez ere eros leike.

Donostia-San Sebastián. Rafael Maripan 1998an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, Arantzazuko Artzai Eskolan zortzi hilabateko ikasketak egiteko beka batekin. Eusko Jaurlaritzak eta Txileko hainbat erakundek sustaturiko trebakuntza programako lehen ikasleetako bat izan zen. Rafaelek Chiloe irla utzi eta Euskal Herriraino bidaia egin zuen. Zortzi hilabete Arantzazun eman ostean praktikak Araban egin zituen, Larrea bailaran, zehazki, eta bertan ezagutu zuen egun bere emaztea den Miren Josune Riaguas arabarra. Euskal Herrian bost urtez lanean jardun ostean, 2005ean bikotea Txilera bueltatu zen, ardi gazta egiteko ideia buruan zebilkitela.

'Txilen ez da apenas ardi gaztarik egiten, inportatu egiten da dena', azaltzen du Rafaelek. '1995ean bertara ardi latxa artalde bat eraman zutela bagenekien eta Txilen Idiazabal erako gazta egitea otu zitzaigun'. Txilera joan ziren 300 ardi aintzindari haien abentura ez zen nolanahikoa izan. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritaz Sailak eta garaiko Txileko Nekazaritza ministroa zen Emiliano Ortegak --euskal jatorriduna bera-- ardi mota honen aldeko apustua egitea erabaki zuten. Esan eta egin, 300 ardi hegazkinean sartu eta Chiloé irlara bidali zituzten, paraje haien zirelako Euskal Herriko klimaren antz gehiena zutenak.  

Eskariak gora

2003an  Rafael eta Josune Txilera bueltatu zirenean abian jarri zuten Chilozabal enpresa, eta nahiz eta hasiera gogorra izan zen, gaur egun gaztak arrakasta handi dauka eta urtean ekoizten dituzten 700 kiloak ez dira eskaria asetzeko nahiko. 'Gazta Santiagoko jatetxe batzuetan dasta daiteke, adibidez Txoko Alavés edo Gurian, eta baita Chiloeko Meliá Patagonia eta Patagonia Insular hoteletan ere', azaltzen du Rafaelek. 'Gazta oso fina da, Txilen bertan egiten da, eta jendeari asko gustatzen zaio, antza'.

Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren eta Txileko erakundeen laguntza dauka, sektore hau biziberritu aldera. 'Txilen laguntza gehien eman digun pertsonetako bat Jon Erdozia izan da, Euskadiko ordezkaria. Bera izan da euskal komunitatearekin kontaktua eta Txileko euskaldunak dira gaztari sona ematen ari direnak'.

Gazta hau dastatu nahi dutenek, Chilozabal enpresaren webgunean eros dezakete:  www.chilozabal.cl



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia