euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chicagoko Koldo Mitxelena Katedra "Guggenheim efektua" aztertzen ari Joseba Zulaika irakaslearekin

2013/01/30

Joseba Zulaika antropologoa
Joseba Zulaika antropologoa

PUBLIZITATEA

Hil honetan zehar Joseba Zulaika antropologoak Koldo Mitxelena Katedra zuzendu du Chicagoko Unibertsitatean, urtarrilaren 6az geroztik. Etxepare Euskal Institutuaren lankindetzarekin antolatua da katedra eta aurtengo edizioaren gaia Bilboko Guggenheim museoak hirian eragin duen aldaketa izan da. Aste honetako ostiralean bukatuko den ikastaroan unibertsitateko hainbat fakultatetako gradu eta graduondoko ikasleek parte hartu dute.

Chicago, AEB. Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean duen Koldo Mitxelena Katedra urtarrilaren 6ean abiatu zen eta ostiral honetan amaituko da. Aurtengo edizioko irakasle gonbidatua Joseba Zulaika izan da, Renoko Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies guneko zuzendarikidea. Katedrak “Bilboko Guggenheim Museoa: museoak, arkitektura, hiriaren eraberritzea” gaia jorratu du.

Ikastaroan Zulaikak Guggenheim Museoak Bilbon izan duen eragina eta arkitekturak erakarpen turistikoa eraldatzeko duen gaitasuna aztertu ditu. Izan ere, “Guggenheim efektua” ikerketarako halabeharrezko gai bilakatu da arkitektura, museogintza, eraberritze urbanoa edo turismoa jorratzen duten mundu osoko ikasketetan. Hala, ikastaroaren hurbiltzea ere diziplina anitzekoa izan da: kultura-ikasketak, antropologia, urbanismoa eta arkitektura, museoak eta herri-kultura.

Katedrarekin batera bi hitzaldi eman ditu Chicagoko Unibertsitatean Joseba Zulaikak. Lehena, iragan astelehenean izan zen eta bertan alokutiboaren erabileraren alde antropologiko zein linguistikoak aztertu zituen, Chicagoko Unibertsitateko irakasle Karlos Arregirekin batera. Atzo,  berriz, “Gernika, Bilbo eta Minotauroa: Picassotik Gheryra” gaia izan du hizpide Zulaikak.

Hiru katedra nazioartean

Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen hiru katedra ditu munduko hiru unibertsitate esanguratsutan: 2011. urtean abian jarri zen Bernardo Atxaga Katedra City University of New York-en (AEB), 2012an zabaldu zen Koldo Mitxelena Katedra Chicagoko Unibertsitatean (AEB), eta 2013ko udaberrian Frankfurteko Goethe Unibertsitatean (Alemania) abiatuko den Eduardo Chillida Katedra.

Etxepare Euskal Institutuak Koldo Mitxelena euskal hizkuntzalariaren izena daraman eta Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea xede duen katedra zabaldu zuen 2012. urtean Chicagoko Unibertsitatean. Division of Humanities izeneko sailean txertatuta dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat hartzen du. Lourdes Oñederra Euskal Herriko Unibertsitateko fonologiako katedraduna izan zen iaz katedra honetako lehenengo irakasle gonbidatua.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia