euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chicagoko Koldo Mitxelena Katedrak euskal fikzioa aztertu eta "Loreak" filmaren emanaldia egin zuen

2016/05/03

Joxe Mari Goenaga zuzendaria Koldo Mitxelena Katedrako ikasleekin solastu zen bideokonferentzia bidez (argazkia Etxepare)
Joxe Mari Goenaga zuzendaria Koldo Mitxelena Katedrako ikasleekin solastu zen bideokonferentzia bidez (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra euskal fikzio garaikideak ari da aztertzen aurten, Mari Jose Olaziregi irakaslearen zuzendaritzapean. Programa akademikoarekin batera, ikasleek "Loreak" filma ikusteko aukera izan zuten iragan apirilaren 28an, Jose Mari Goenaga zuzendariak aurkeztuta bideo-konexio baten bitartez.

Chicago, AEB. Iragan martxoaren 29tik apirilaren 28a arte, Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedrak "Euskal Fikzio Garaikidea: Manu Nazionalak, Audientzia Globalak" ikastaroa eskaini du, Mari Jose Olaziregi literatur katedradunak zuzenduta. Ikastaroaren helburua iragana oroitzeak azken lau hamarkadetan euskal literaturan izan duen isla aztertzea izan da.

Hilabeteko egitarau zabala bete ostean, ikastaroa amaitzeko "Loreak" filma ikusteko aukera izan dute ikasleek. Horrez gain, emanaldiaren ostean Joxe Mari Goenaga zuzendariarekin hitzaspertua egin zuten, bideokonferentzia bitartez.

Azken hamarkadetako euskal literatura

Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, ikastaroa euskal sorkuntzak 1960ko hamarkadan hartu zuen kultur heterodoxia aztertzetik abiatu zen: Jorge Oteizaren Quosque tandem! (1963) eta Gabriel Arestiren Harri eta Herri-k (1964) abangoardiaren eta ahozko literaturaren arteko elkarrizketa sortu zuteneko garaia zen. Izan ere, ahoz transmititzen ziren hainbat kondairekin eraiki ziren 1980ko hamarkadan hedatu ziren irudimenezko munduak, Atxaga, Lertxundi, edo Mujika Iraola bezalako egileen eskutik. Atxagaren Obabakoak (1988) eleberriak nazioartean izan zuen harrera bikainak nazioarteko kritikariek euskal lanei eskaintzen dieten aukerei eta lekuari buruzko gogoeta egiteko ere balioko du.

Euskal Herriko ingurune gatazkatsuan literaturak duen funtzio sozial eta etikoaren gainetik Iban Zaldua, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez bezalako idazleek piztutako eztabaida sortu da egun, gure iragan politiko hurbila gogoratzen eta berreraikitzen duten literatura-lan ugari eta originalak esportatzeko gaitasunaz. Espainiako Gerra Zibilari edo ETAren terrorismoari buruzko eleberriek eta filmek azken bi hamarkadatan izan duten goraldia eta memoriarako lekuen irautea eta eguneratzea, -Gernika edo gudariak, esate baterako, kantu zaharren bertsio berrien bitartez-, bidea emango digute euskal egile garaikideen lanez aritzeko; besteak beste,  Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia edo Kirmen Uribe.    



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia