Chascomus, Argentina. Urtea hasi zenetik daramatza Chascomuseko Euskal Etxeak bere bigarren sorreraren 25. urteurrena prestatzen. Pasa den asteburua izan du, dena den, programako hitzordu nagusia. Bozkarioz eta festa giroan, asteburu “paregabea” bizi izan dute bertakoek eta baita kanpotik propio ospatzera Chascomus hirira bertaratutakoek ere. Izan ere, beste zenbait euskal etxe lagun ospatu dute chascomustarrek, tartean, Buenos Airesko Laurak Bat, Cañuelasko Denak Bat, Lomas de Zamorako Denak Bat eta La Platako Euzko Etxea euskal etxeak –euren dantzariak ordezkari–, eta Necocheako Euzko Etxea.
Ospakizun programa larunbat arratsaldean hasi zen Esker Emate meza batekin. Horren ostean, erakustaldia eskaini zuten dantzariek --anfitrioiek eta gonbidatuek--, Independentzia Plazan. Zingirako Euskaldunak Etxeko dantzari Paula Berasainek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “urteak generamatzan halako dantzaldi bat egin gabe, plaza-dantzekin, komunitateari begira. Jende asko hurbildu zen ikuskizunaz gozatzera, tartean baita dantzari ohi batzuk ere, eta Euskal Etxera bueltatzeko gogoa erakutsi zuten”.
Dantza erakustaldia bukatuta, kalejiraz joan ziren lagunak Club Bochistico Independiente izenekoaren instalazioetara erromerian parte hartzera. Afarian ere presente egon ziren euskal dantzak, etxeko eta kanpoko taldeei esker. Guztira, 400dik gora pertsona bildu ziren ordu txikiak arte luzatu zen jaian.
Igandeko bazkaria
Igande eguerdian, berriro ere elkartu ziren Euskal Etxeko lagunak klubean, oraingoan herri bazkariaz gozatzera. 250 bat pertsona bildu ziren, tartean hiriko alkate Javier Gaston. Anfitrioiek oroigarri bana eskuratu zieten gonbidatutako ordezkaritzei. Bazkariaren baitan, gogora ekarri ziren dagoeneko gure artean ez dauden Jose Larralde, Miguel Arraras, Santiago Caso eta Cacho Errecart. Etxeko emakumeei ere egin omenaldi berezi bat egin zitzaien “Euskal Etxea bizirik mantentzeagatik” eta bideo instituzional bat proiektatu zen.
Aldarrikapenen arloan, Suitzatik estraditatu nahi duten Nekane Txapartegiren aldeko deia egin zuten chascomustarrek euren jaian. Haren argazki bat hartuta, estradizioaren aurkako sinadura-eskaera bat egin zen.
Jaiaren argazki guztiak ikusteko, egizu klik hemen.