euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkarteak 22. Euskal Jaia egingo du bihar, Immigranteen egunaren atarian

2012/10/05

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkartearen 22. Euskal Jaiaren afitxa
Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkartearen 22. Euskal Jaiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Bizi-bizi dabil azken asteetan Zingirako Euskaldunak elkartea eta horrela jarraitzeko asmoa dute gainera datozen asteetan, Chascomuseko elkarteak aurkeztu duen agendaren arabera. Hasteko, bihar elkartearen 22. Euskal Jaia ospatuko dute, eta datorren astean euskal sukaldaritza, literatura eta Immigrantearen Eguneko ekitaldiak egingo ditu elkarteak. Horrez gain, irailean egin berri dituen jardueren berri eman du elkarteak: Genero Indarkeriari buruzko Mahaiaren bilera, FEVAko Pilota lantegian partehartzea eta Macachingo Mus Txapelketan partehartzea (Chascomuseko Juan B. Mutuberria eta Luis Moreno izan ziren garaile, gainera!).

Chascomus, Argentina. Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak jarduerez jositako egitaraua aurkeztu du datozen egunetarako. Egiaz, gaur bertan hasten dira Chascomuseko euskaldunen hitzorduak, izan ere, Domingo Sarmiento Liburutegian euskal zinema emanaldia egingo da: Montxo Armendariz nafarraren "Secretos del corazón" luzemetraia izango da ikusgai (20:30tan).

Bihar euskal etxeak urteroko Euskal Jaia ospatuko du. Aurtengoa 22. edizioa da eta egitaraua goizeko 11:00tan hasiko da, pilota txapelketa batekin. Rio Cuartoko Gure Ametza elkarteko pilotariak eta Chascomuseko Pilota Eskolako gazteak lehiatuko dira. Arratsaldean, 19:00tan, meza egingo da katedralean eta gauean erromerian izango da Club Bochístico Independiente elkartean (Garay 77).

Hurrengo ekitaldiak

Jarduera hauek urriko programaren aperitiboa baino ez dira. Urriaren 8an Literatur Kafea ekitaldian parte hartuko du elkarteak eta Chascomuseko beste gizataldeekin batera poesia irakurraldi bat egingo du, euskal olerkiak aurkeztuz. Urriaren 10ean Euskal Sukaldaritza Ikastaroko azken klasea emango du euskal etxean Jose Boccardo sukaldariak, eta urriaren 11n Genero Indarkeriari buruzko Mahaiaren bilera hartuko du elkarteak. 

Urriaren 12tik 14ra, asteburuan, Zingirako Euskaldunak Chascomuseko Immigrantearen Jaiaren laugarren edizioan parte hartuko du. Ostiralean Casa de Casco-n euskal ondarearen erakusketa egingo da, larunbatean gizataldeetako erreginen desfilea eta Abesbatzen Topaketa izango dira, eta igandean dantza, musika eta gastronomia erakustaldiak egingo dira Immigranteen Pasealekuan.

Hegoamerikako casal kataluniarrekin

Bestalde, euskal etxeak iragan irailean egin zituen ekitaldien berri ere eman du. Hasteko, irailaren 13an euskal etxean bildu zen Genero Indarkeriari buruzko Mahaia. Hurrengo egunean, irailaren 14ean,  Hegoamerikako Casal Kataluniarren Topaketan izan zen La Platan. Antolatzaileek euskal elkartea gonbidatu egin zuten eta Pedro Mauregui presidentea bertan izan zen, Zingirako Euskaldunen ordezkari. Besteak beste, Katalunia eta Euskal Herriaren egungo egoera, independentzia eta autodeterminazio eskubidea izan ziren hizpide, Maureguik EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Chascomus Casals 2012

[Hegoamerikako Casal Kataluniarren Topaketa, La Platan (argazkia ChascomusEE)]

Horrez gain, irailaren 22an euskal etxeko Pilota Eskolako ordezkaritza bat Buenos Airesen izan zen, FEVAk antolatutako Pilota Lantegian parte hartzeko. Lantegia Laurak Bat elkartearen egoitzan egin zen. Chascomusetik Esku Pilota eskolako gazteak, Sebastian Errecart pilota arloko arduraduna eta Pedro Mauregui presidentea izan ziren bertan.

 

Chascomus Pelota FEVA 2012

[Chascomuseko pilotariak FEVAren Pilota lantegiko saio batean (argazkia ChascomusEE)]

Azkenik, euskal etxeko bi muslarik irabazi zuten irailaren bukaeran Macachin-en jokatu zen "San Miguel de Aralar" Mus Txapelketa Irekia: Juan B. Mutuberriak eta Luis Morenok. Zorionak txapeldunei!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia