euskal diaspora eta kultura
2009/04/30
PUBLIZITATEA
Chascomus, Argentina. Elkarteko gaztetxoenen bitartez Zingirako Euskaldunak elkarteak bakearen aldeko mezua zabaldu zuen joan den apirilaren 25ean Chascomusen, Gernikako bonbardaketa tragikoaren 72. urteurrena zela eta. 1937ko apirilaren 26ean nazien abiazioak, Francorekin bat eginda, bizkaitar herriari eraso egin eta bonbekin suntsitu egin zuten. Merkatu eguna zen eta biktimen kopurua oso altua izan zen. Gernikakoa zibilen aurka egin zen lehen bonbardaketa izan zen eta adituen ustetan ondoren II. Mundu Gudan egin zirenen entsaioa izan zen.
Tragedia hori gogoratuz eta bakearen aldeko mezua zabaldu nahian --Gernika bakearen nazioarteko ikur bat bihurtu baita-- Zingirako Euskaldunak-ek elkarteko gaztetxoak bildu zituen oroimenezko ekitaldi berezi batean parte hartzeko. Hitzordua Chascomuseko Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan izan zen eta bertan marrazki lantegi bat egin zuten. Lantegian haurrei duela 72 urte Gernikan gertatutakoa azaldu zieten, marrazkien bitartez bakearen aldeko mezua zabaltzen laguntzeko aukera emanez.
[Zingirako Euskaldunak-eko neska-mutilak bakearen aldeko marrazkiak egiten Chascomuseko Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan (argazkia ChascomusEE)]
[Hiru mutiko hauek ere gogotsu aritu ziren Gernikaren bonbardaketari buruzko marrazkiak egiten Zingirako Euskaldunak-ek antolatutako ekitaldian (argazkia ChascomusEE)]
Gazteak gustora ekin zioten lanari, taldeka bilduz eta kartel handietan marrazkiak eginez. Askok lurrean botata bukatu zuten, hobeto marraztu ahal izateko. Eguraldi onak ere lagundu zuen ekitaldia arrakasta borobila izan zedin eta gazte zein nagusiek asko disfrutatu zuten. Bukatu ondoren marrazkiak Chascomuseko dendetan banatu zituzten, hiriko beste bizilagunengana ere bakearen aldeko mezu hau helarazteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus