euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chascomuseko gazteek euskara Gizateriaren Ondare izendatzearen aldeko sinadura bilketa egin dute

2009/01/20

Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko gazteak Chascomusen egin zuten sinadura bilketan (argazkia ChascomusEE)
Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko gazteak Chascomusen egin zuten sinadura bilketan (argazkia ChascomusEE)

PUBLIZITATEA

Argentinatik ere euskaldunek bat egin dute Billabonako Agiñalde Kultur Elkarteak abian jarri duen mundu mailako kanpainarekin: sinadurak bildu nahi dira UNESCOri euskara Gizateriaren Ondare Inmateriala izendatu dezan eskatuz. Kanpainak Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko gazteen artean izan du oihartzuna. Izan ere, joan den asteburuan herriko kaleetara atera eta sinadurak biltzen aritu ziren. Horrez gain, euskal elkarteak, joan den urtarrilaren 7an Ana de Otazua zinegotzi eta elkarteko kideak Zingirako Euskaldunak-i eginiko dohaintza biziki eskertzen du.

Chascomus, Argentina. Chascomuseko Euskal Etxearen baitango Haize Gaztea taldeko gazteek eta Eusko Hazia dantza taldeko neska-mutilek sinadura bilketa egin zuten joan den asteburuan Chascomuseko kaleetan, UNESCOri euskara Gizateriaren Ondare Inmateriala izendatu dezan eskatuz. Eskaria Gipuzkoako Billabona herriko Agiñalde Kultur Elkarteak jarri zuen abian eta mundu mailan egin nahi duten ekimena da. Chascomusen, euskal etxeko gazteek hartu dute lekukoa eta ostiral eta larunbatean sinadurak bildu zituzten. Datozen egunetan Agiñalde Kultur Elkartera bidaliko dizkiete.

Sinadura bilketa 2009 (01)

[Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko gazteen sinadura bilketa]

Euskal Etxeko zuzendaritzak ekimenean parte hartu zutenei eta euren sinadura eman zuten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie. Era berean, elkarteak biziki eskertzen du Yeray Aguila Barrenengoa euskara irakasle bilbotarreren bisita. Yeray La Platako Unibertsiteko Euskara eta Euskal Kultura Lektoretzako irakaslea izan da 2008an eta asteburuan Chascomusen izan zen, sinadura bilketan eta beste ekitaldi batzuetan laguntzen.

Sinadura bilketa 2009 (02)

[Chascomuseko gazteak irratian Yeray Aguila Barrenengoa euskara irakasle bilbotarrarekin]

Ana de Otazuaren laguntza

Bestalde, Euskal Etxeak Ana de Otazua elkarteko kide eta zinegotziaren laguntza ere eskertu nahi du. Otazua Euskal Etxeko zuzendaritzarekin bildu zen urtarrilaren 7an elkarteari dohaintzan laguntza bat emateko asmoz. Bilera horretan, Otazuak UNESCOren eskaria sinatu zuen.

Ana de Otazua

[Ana de Otazua Zingirako Euskaldunakeko zuzendaritzarekin bildu zen elkartearentzako laguntza bat emateko (argazkia ChascomusEE)]

Azkenik, aipagarria da Zingirako Euskaldunak, Chascomus aldean euskaldunek utzitako aztarna historikoak berreskuratzeko dokumentu bilketa egiten ari dela. Argazkiak, gutunak, egunkariak, dokumentuak eta baita ere pertsonen ahozko lekukotzak jaso nahi dituzte. Cesar Arrondo irakaslea gaiari buruz zeresana duten lagunei elkarrizketak agiten ari da, historia osatua argitaratzeko asmoarekin. Ikerketan lagundu eta parte hartu nahi dutenek Pedro Mauregui Larrandarekin harremanetan jarri behar dute, e-maila bidaliz maureguilarranda@yahoo.com.ar helbidera edo (0221) 15-525-4956 telefonora deituz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia