euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chascomuseko euskal etxeko gazteek euskal musika tresnak esperimentatu ahal izan zituzten tailer batean

2008/11/18

Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko bi neska txalaparta jotzen (argazkia ChascomusEE)
Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko bi neska txalaparta jotzen (argazkia ChascomusEE)

PUBLIZITATEA

Txalaparta, alboka eta beste hainbat euskal musika doinuak izan ziren entzungai Zingirako Euskaldunak Euskal Etxean joan den azaroaren 8an, bertan egin zen lantegiari esker. Patricia Tamayo gasteiztarra, euskara eta musika irakaslea, izan zen lantegia emateko ardura izan zuena. Lantegiko azalpen asko eta asko euskaraz eman zituen Tamayok, horrela elkarteko neska-mutilek, batez ere txikiek, euskara praktikatzeko aukera izan zezaten. Eta euskara ez ezik, musika ere praktikatu zuten, gehienak instrumentuak jotzen saiatu baitziren lantegi praktiko honetan.

Chascomús, Argentina. Zingirako Euskaldunak elkarte chascomustarrak musikaz beteriko egunaz gozatu zuen joan den azaroaren 8an, Patricia Tamayo irakasleak eman zuen musika eta euskara lantegiari esker. Patricia gasteiztarra da eta egunotan Argentinan dabil, bere ezagutzak bertako euskaldunekin partekatzen. Chascomusera euskal etxeko neska-mutilei euskara eta musika ikastarotxo hau eman eta euskal kulturarekiko loturan sakontzen lantzera etorri zen.

Euskal musiak tresna lantegia

[Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeko neska-mutilek alboka jotzeko aukera izan zuten Patricia Tamayo gasteiztarrak eman zuen euskal musika tresna lantegian (argazkia ChascomusEE)]

 Euskal musika tresna lantegia 002

[Euskal Etxea 'txalapartariz' bete zen: profesional edo amateur, inork ez zuen txalaparta jotzeko aukera galdu nahi izan (argazkia ChascomusEE)]

Lantegiarekin elkarteko gaztetxoek euskara ikastaroetan ikasten dutena praktikatzeko aukera izan zuten, Patriciak euskaraz eman baitzituen mintzaldiko argibide asko. Gasteiztarrak euskal etxeko beste irakasleen laguntza baliotsua ere izan zuen: Maitena Etchepare, Ana Etchepare, Inés Alfonsín, Catalina Arrarás eta Lucía Murias ere ekitaldian izan ziren, historia, geografia eta euskal kulturari buruzko azalpenak ematen, Euskal Etxetik beretik azpimarratu dutenez.

Euskal musika tresna lantegia 003

[Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko irakasleek lagundu egin zioten Patricia gasteiztarrari euskal musika lantegiko azalpenak ematen. Eta eurak ere, nor baino nor, saiatu ziren instrumentu desberdinak jotzen. Irudian, musukitarrari eutsiz (argazkia ChascomusEE)]

Euskal musika tresna lantegia 004

[Alboka izan zen musika lantegiaren izarretako bat (argazkia ChascomusEE)]

Lantegian euskal etxeko neska-mutilek antzinako hainbat musika tresna gertuagotik ezagutu eta entzuteko aukera izan zuten. Asko gainera txalaparta edo alboka jotzen saiatu ziren, kideen barre eta gozamenerako, gehienbat ikusi, ikutu, dastatu, esperimentatu eta libertitzeko --aldi berean ikastearekin batera-- saioa izan baitzen Patricia Tamayok eskaini zuena.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia