Chascomus, Argentina. Uda joan berria eta Hego Hemisferioan dagoeneko udazkenean sartuta, ekin berriak diote Hego Amerikako euskal etxeek 2019. urteko egitarauari. Chascomuseko Zingirako Euskaldunak-en kasuan, hiriko elkarte sozial bati bere babesa emanez ireki du aurten bere emanaldien egitaraua, eta publikoak ez ezik, dantzariek ere gozatu zuten momentuaz. Ospakizuna joan den igandean, martxoaren 17an izan zen, Independentzia Plazan, eta euskal dantza sorta hautua eskaini zioten EEko neska-mutilek bildutako jendeari. Are gehiago, publikoa ere dantzatzera atera zuten euskal dantzariek. Ospakizunaren argazkiak, hemen.
Abiatua da, beraz, Zingirako Euskaldunak-en aurtengo egitaraua eta zintzo-zintzo ari dira bueltatzen gazteak, esaterako, dantza eskoletara. Klaseak larunbatero dira, arratsaldeko 3etatik aurrera.
Euskal Etxeko gainerako aktibitateak ere berehala hastekotan dira, euskara, musa, lagunen arteko afariak… Konparazio, emakumen topaketak joan den asteko ostiralean hasi ziren, urtebetetze ospakizun bat eta guzti.