euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chascomuseko Euskal Etxeak bere Udaleku arrakastatsua berreskuratuz hasi du 2023a, 23 gaztetxo partaide

2023/01/12

Chascomusen, Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak antolatua, urtarrilaren 6 eta 7an egin zen udalekuan parte hartu zuen haur eta begiraleen taldea
Chascomusen, Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak antolatua, urtarrilaren 6 eta 7an egin zen udalekuan parte hartu zuen haur eta begiraleen taldea

PUBLIZITATEA

Chascomús, Argentina. Joan den asteburuan 2023ko Udalekua egin da Chascomusen, eta herriko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko 23 neska-mutil bildu ditu partaide. Bertaratutakoak Euskal Etxeko gaztetxoak izan dira, 7 eta 14 urte bitarteko dantzariak, euskal elkarteko Txiki eta Ertain dantza taldeetako kideak, eta bost begiraleren lankidetza izan dute, hauek ere Zingirako Euskaldunak-eko kideak.

 
Begirale eta umeak joan den ostiralean, lo egiteko lekua izango zuten kanpin-denda muntatzen

Bost urte igaro dira Chascomuseko aurreko udalekutik. Oso esperientzia arrakastatsua izan zen hartan Euskal Herritik etorritako begiraleek hartu zuten parte, euskal erakundeak laguntzaile. Oraingoan bertakoek antolatu, koordinatu eta burutu dute jarduera osoa. Lucia Marruedo, Celeste Bona eta Catalina Arraras dantza taldeko zuzendariak dira eta jarduerako koordinatzaile aritu dira, María Jose Saulo eta Marina Tristanekin batera. Lucia Murias, Catalina Martínez eta Mariana Martínezen laguntza ere izan dute.


Udalekuko partaideek, haur eta begiraleen artean montatutako kanpin-dendetan egin zuten lo

Udalekua, urtarrilaren 6an, ostiral goizean, hasi eta ondoko goizean amaitu zen. 24 ordu horietan jolasak egin zituzten, eta horien bidez euskal kulturari buruzko edukiak landu, bertako geografia, Olentzeroren figura eta euskararen nozioak jorratuta. Otorduak partekatu zituzten eta ilunabarrean lo egiteko dendak montatu. “Aurreko Udalekuetan ikasitako guztia oso kontuan izan genuen. Esperientzia horiek eta bere garaian Euskal Herritik etorritako begiraleek baliabide asko utzi zizkiguten gure kabuz aurrera egiteko” azaldu dio EuskalKultura.eus-i Catalina Arrarasek, laster Tandilera, bere euskara irakasle prestakuntzarekin jarraitzeko abiatuko den begiraleak.


María Jose Saulo, Catalina Martínez, Catalina Arrarás, Juan Miguel Arrarás eta Mariana Martínez 

Udaleku hau saio bat izan da, espero dutelako hurrengoan aurreko udalekuetara itzultzea, "erakunde eta pertsona gisa hainbeste ekarri zigun hartara, nahiz eta seguruenik haiek baino laburragoa izango den, bizpahiru egunekoa.  Asmoa datorren urtean berriro antolatzea da eta beste euskal etxe batzuk gonbidatzea. Aurtengoa egun bakarrekoa izan da, baina asko gozatu ahal izan dugu eta neska-mutilak poz-pozik zeuden, beraz, emaitza positiboa izan da oso. Ahalegin eta kolaborazio handia eskatzen duen jarduera bada ere, merezi du, euskal etxe ezberdinetako umeek elkar ezagutzea eta komunitatea sendotzen laguntzea helburu ederra baita. Eskerrak biziak eman nahi dizkiogu Murias familiari, euren etxaldea euskal etxearen eskura jarri baitute Udalekua bertan gara genezan. Bereziki eskertu nahi diegu lekua eta eskaini diguten laguntza osoa", amaitu du Catalinak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia