euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chascomuseko Euskal Etxeak Agirre lehendakariak 1955ean hirira egin zuen bisitaren argazkiak plazaratu ditu

2009/02/12

Agirre lehendakaria, erdian, Chascomuseko euskal komunitateko hainbat kideekin (argazkia ChascomúsEE)
Agirre lehendakaria, erdian, Chascomuseko euskal komunitateko hainbat kideekin (argazkia ChascomúsEE)

PUBLIZITATEA

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak indartsu hasi zuen 2009 urtea, bere webgunearen inaugurazioarekin. Bertan elkartearen jarduerei buruzko informazioa ematen dute eta gainera, hilabete hauetan, argazki galeria polita biltzea lortu dute, elkartearen azken ekitaldietatik hasi eta une historiko esanguratsuetaraino. Une historiko horien barruan, bertako Euskal Etxeak, 1955ean Agirre lehendakariak Chascomusera egin zuen bisitaldiko argazkiak igorri eta partekatu nahi izan ditu gure irakurleekin.

Chascomus, Argentina. Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea lan interesgarria egiten ari da bere webgunean, elkarteko argazki berri eta historikoak bilduz. Argazkiak (ikus hemen) Zingirako Euskaldunak 2008 Argentinako Euskal Astean izan zuen parte hartzetik hasi eta 1994ean egin zen Urteroko IV. Jairaino heltzen dira, tartean hamaika motatako irudi historiko eta esanguratsuak.

Artxibo historikoen berreskuratze prozesu honen barruan koka daiteke elkarteko idazkari Pedro Maureguik helarazi digun Agirre lehendakariaren bisitaren argazki sorta. Argazkiek ez omen dute data idatzirik eta Maureguik 50. hamarkada bukaera aldera egin zirela uste du. Ziurrenik, Agirrek Argentinara egin zuen hirugarren bisitakoak izango dira, 1955koak.

Aipatu beharra dago Agirre 1941ean heldu zela lehen aldiz Argentinara, erbestera bidean egin zuen bidaia luzearen barruan. Euskal Herritik ihes egin zuen Agirrek Bilbo indar frankistek hartu zutenean, eta Bartzelonatik Parisera joan behar izan zuen. Han, baina, ez ziren arazoak bukatu. Bigarren Mundu Gudarekin hiria nazien agindupean gelditu zen eta Agirrek izen faltsu batekin Europa erdia igaro behar izan zuen Berlinetik Suediara heldu arte eta handik, Ameriketara (istorioa Agirrek berak kontatzen du 'De Gernika a Nueva York pasando por Berlín' liburuan).

Jarraian Pedro Maureguik bidalitako argazki batzuk biltzen ditugu:

Visita lehendakari Agirre (01)

[Agirre lehendakaria Chascomuseko euskal komunitateko kideekin, 1955ean Argentinara egin zuen bidaian]

Visita lehendakari Agirre (02)

[Chascomuseko euskal komunitateak harrera bazkari bat eskaini zion Jose Antonio Agirre lehendakariari, 1955an hirira egin zuen bisitan. Iruditan, jendartean Raul Alfonsin ageri da (1983tik 1989ra Argentinako presidente izango zena), bere emazte María Lorenza Barrenecherekin]

Visita lehendakari Agirre (03)

[Dantza taldeak erakustaldi batekin egin zion harrera Agirre lehendakariari. Iruditan, dantzariak ondo merezitako bazkariaz gozatzen]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia