Chascomus, Argentina. Urte luze bat igaro da Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak bere egoitzako handitze lanak hasi zituenetik. Pandemiaren ondorioz, espero baino gehiago luzatu dira baina azkenean joan den irailaren 8an, Diasporaren Eguna eta Elkartearen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldien baitan gela berrien inauguratu zuten. Gogora dezagun gela berriak –sukalde handia eta ehun lagunentzako aretoa– topaketa jendetsuagoak antolatu ahal izateko egin dituztela Euskal Etxeko lagunek, beti ere herriko komunitatea gogoan.
Inaugurazio zeremonian, oraindik indarrean dauden osasun neurriengatik oso jende gutxi bildu zen egoitzara. Ekitaldiari hasiera emateko, Gustavo Armendariz Euskal Exeko lehendakaria Elkartearen historiaz mintzatu zen eta ondoren Catalina Arraras dantza taldeetako zuzendariak Aurreskua dantzatu zuen. Bukatzeko, sukalde berrian prestatutako ‘sukaldia’ partekatu zuten bildutakoek.
Euskal Etxean egun garatzen ari diren ekintzei dagokienez, Martín Larralde lehendakariordeak jakinarazi digu haurren eskolak eta ertainen eta helduen dantza entseguak abuztuan hasi zirela. “Eta orain, asmoa da euskara klaseak eta mus tailerra laster martxan jartzea”, iragarri du Larraldek. Inaugurazioaren argazki gehiago, hemen.