euskal diaspora eta kultura
2014/06/24
PUBLIZITATEA
Chascomus, Argentina. Uztailaren 19tik 26ra egingo den 2014ko (hego hemisferioko) Neguko Barnetegia, Euskara Munduan programako 2013-2016 epeko laugarrena izango da eta Argentinako Chascomus hirian gauzatuko da bertako Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea antolatzaile. Aurreko hiru edizioetan bezala, Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko ikasleek hartuko dute parte helburu jakinarekin: urtean zehar asteroko on line saioetan proposatutako hizkuntza gaiak finkatu eta batez ere ahozko gaitasuna lantzea.
Klaseak goizez, 9etatik 11:00etara eta 11:30etatik ordu batera izango dira; eta arratsaldez, 6:00etatik 7:00etara (bakarkako lana) eta 7:30etatik, 9:00etara. Programaren arduradun Kinku Zinkunegi-rekin batera on line ikastaroko irakasle arduraduna den Dani Oiarbide eta Gabriela Mendia eta Sabrina Otegui irakasle tituludun argentinarrak arituko dira irakasle.
Irakasleentzako Trebakuntza
Euskal Herritik at euskararen irakaskuntza egokia bermatzeko, irakasleak trebatzeaz gain, irakaste lanetan ari direnen euskara maila eta motibazioa mantendu egin behar dira. Helburu horri ekiteko bildu zen irakasle talde bat joan den urtarrilean Argentinako San Nicolasen, Irakasleen I. Topaketan. Orain, eta esperientzia hura errepikatzeko, berriro ere gonbidatu dute HABEk, FEVAk eta barnetegia antolatu duen euskal etxeak, Irakasleen II. Topaketan parte hartzera.
Ikastaroa hiru saiotan banatuko da. Lehenengoa, larunbat arratsaldean izango da 3etatik 7etara; bigarrena, igande goizean, 9etatik ordu 1era; eta hirugarrena, igande arratsaldean, 3etatik 7etara. Jardunaldian zehar, euren esperientziak elkarrekin trukatu eta klaseetan erabilitako ariketak aurkeztuko dituzte irakasleek. Horrez gain, lehentasunetako bat materialari buruzko informazioa eguneratzea izango da.
Aurrekoan bezala, ostatuaren eta otorduen gastuak programak bereganatuko ditu. Parte hartu ahal izateko, euskal etxeko euskara arduradunak honako datuak bidali behar dizkio FEVAri: Irakaslearen izen-deiturak, euskal etxearen izena, iriste eta irtete datak eta telefono zenbakia. Informazioa FEVA_euskera@fibertel.com.ar helbidera bidali behar da, ekainaren 27a aurretik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus