euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Charles Felix Markassuza euskaldunak Mexikar Iraultzari buruz utzitako lekukotza Miarritzeko Mediatekan ikusgai

2008/02/15

Charles Felix Markassuza baxenafartarreran esperientziari buruzko erakusketaren afitxa
Charles Felix Markassuza baxenafartarreran esperientziari buruzko erakusketaren afitxa

PUBLIZITATEA

Charles Felix Markassuza baxenafarra Mexikora joan zen 1910. urtean, 17 urte baino ez zituela, bere osaba Carlos Markassuzak Guanajuato eta Michoacan aldean zituen etxaldeen kargu egitera. Bertan gazteak lur-jabe eta nekazarien bizitza gertutik ezagutu ahal izan zuen eta Mexikar Iraultzaren hastapenak bizi izan zituen, 1913. urtean gertatu zen erasoaldi batean hil egin zuten arte. Beñat Çuburu-Ithorotz historialariak bere gutun eta argazkietan oinarrituta erakusketa bat antolatu du Miarritzeko Mediatekan. Hilaren 29a bitartean izango da ikusgai.
Munduan zehar zabalduriko euskaldunen Diasporak hamaika istoria kontatzeko lain ematen du, baina oraindik biografia asko eta asko berreskuratzear daude. Horretan ari da Beñat Çuburu-Ithurrioz lapurtarra, Ameriketara joan ziren Hazparne inguruko euskaldunen istoriari buruzko tesia egiten, hain zuzen ere. Ikerketa lan honetan Charles Felix Markassuza amendüztarraren esperientziarekin topo egin zuen Çuburuk eta orain erakusketa bihurtuta Miarritzeko Mediatekan jarri du ikusgai otsailaren 29a bitartean.

Erakusketa Markassuzak Mexikotik bidalitako argazkiekin eta gutunetan jasotako lekukotzarekin osatu du Çuburuk. 'Abentura handia izan zen, pentsa 17 urte baino ez zituela joan zela Mexikora, osabaren etxaldearen kargu egitera', azaltzen du historialariak. 'Bere testuetan Mexikoko iraultza egunetan etxaldeetan egiten zen bizitzaren berri ematen du. Lur jabeen ikuspuntua du, bere osabaren lurrak administratzen zituen eta, baina alde oso gizatiarra ere azaltzen du, langileen eta indiarren bizimodua edota 1912ko uholdeen kalteak deskribatzen dituenean, adibidez'.

[Goiko irudian Charles Felix Markassuza 1912. urtean, 19 urterekin]

Osaba, lur-jabe egin zen intsumisoa

Charles Felix-en abentura mexikarrak, hala ere, bere osaba Carlosekin du hasiera. 1852an Amendüzen, Donapaleutik gertu, jaio zen Carlos Markassuza. 1872an Mexikora ihes egin behar izan zuen, intsumiso, Frantziako zerbitzu militarra ez egiteagatik. 'Mexikora dirurik gabe heldu zen baina urte batzuetara mehatzen negozioan sartu eta beta edo gabarro inportante bat aurkitu ostean aberastu egin zen. Gero lur-jabe familia garrantzitsu bateko alabarekin ezkondu eta aberastasun gehiago bildu zituen. Sei etxalderen jabe izatera heldu zen, Guanajuato eta Michoacan estatuetan', laburbiltzen du Çuburuk.

Markassuzak ez omen zuen seme-alabarik izan eta Hazparneko hiru iloba deitu zituen bera laguntzera Mexikora joan zitezen XX. mende hasieran. Osaba Mexiko hirian bizi omen zen eta ilobak etxaldeen kargu egin ziren. Hiruetan lanerako abilezia gehiena erakutsi zuen Charles Felix izan zela dio Çuburuk. Negozioetarako senaz gain, gazteak bere ingurukoen bizitzari buruz jakiteko gogoa ere agertu zuen eta bere gutun eta argazkietan Mexikoko garai hartako gizarteari buruzko deskribapen eta hausnarketa ugari jasotzen ditu.

Heriotza erasoaldi batean

Markassuza familia iraultzaren hastapenetan Francisco Ignacio Madero politikari eta iraultzailearen alde agertu zen. Maderok Porfirio Diazen diktadurarekin bukatu zuen eta 1911tik 1913ra Mexikoko presidentea izan zen. Baina 1913an erahil egin zuten eta bere heriotzak iraultzaren garai odoltsuenak ekarri zituen. Urte horretan bertan Charles Felix gaztea iraultzaileek eginiko erasoaldi batean hil egin zuten, hogei urte zituela.

[Goiko irudian Santa Rosa etxaldeko errota. 1913an iraultzaileek eraikina erasotu zuteneko borrokan hil zen gazte baxenafartarra]


Lotura interesgarriak

Miarritzeko Mediateka (frantsesez)
www.biarritz.fr

Beñat Çubururen Markassuzatarrei buruzko ponentzia (frantsesez)
www.euskosare.org

Francisco Maderori buruzko informazio gehiago
Wikipedian

Mexikoko iraultzari buruzko informazio gehiago
www.yucatan.com.mx

Mexikoko euskaldunen historiari buruzko mintegia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia