euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chaco-ko egunkari batek Fátima Soliz Eceiza gaztea Azkarateko gazteluan arituko dela bildu du artikulu batera

2007/06/29

Diario Norte Chacoko egunkariko aipatu artikulua
Diario Norte Chacoko egunkariko aipatu artikulua

PUBLIZITATEA

Chaco probintzia argentinarreko Diario Norte egunkariak artikulu batera bildu duenez, bertako María Fátima Soliz Eceiza kazetari gaztea Argentinatik Euskal Herrira bidaiatu eta Azkarateko (Nafarroa Beherea) gaztelua zaharberritzen arituko da heldu den uztailean, munduko zenbait lekutako 20 gaztek osatutako taldean, besteak beste EuskoSarek egin duen udako gazte lantegi bateko partaide. Gazte chacotarra abiatua da dagoeneko Euskal Herrira eta uztailaren 6an hasiko den ekimen honetan aritzeaz gain, Gipuzkoan kokatzen diren bere arbasoen herria eta sortetxea bisitatu nahiko lituzke. Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kide da Soliz Eceiza.
Chacon Euskal Etxeko dantzari eta komunikabideekiko harremanetarako arduradun den María Fátima Soliz orotara hogei pertsonek osatutako talde bateko partaide arituko da Azkaraten, euskal jatorrikoak batzuk, beste batzuk ez, horien artean, besteak beste korear bat, bi turkiar, hungariar bat, espainiar bat, frantses bat, hiru argentinar, serbiar bat eta Euskal Herri bertako beste bi gazte egongo direlarik. Guztiak arituko dira Azkarateko gaztelua zaharberritu eta bergaitzeko lanetan, artikuluak berak gogoratzen duenez.

Azkarate, Nafarroa Behereko Donibane Garazi hiriburu ondoan den herri tipi bat da. EuskoSare eta Eusko Ikaskuntza partaide dituen ahalegin baten barne, bertako Udala, zegoen egoera txarretik atera eta zaharberritzen ari da Erdi Aroko gaztelu hau, duela urte gutxi bere jabegoa eskuratu ondoren, izan ere bertan Diasporaren Nazioarteko Bilgune bat kokatzeko asmoz, euren arbasoen lurra ezagutzeko datozen munduko euskaldunei harrera eta aterpe eskaintzeko asmoz alegia.

Gazteluan egingo diren lanak eta Euskal Herriko egonaldian zehar gazteek izango duten kultur programaren ardura Concordia Elkartearen eta EuskoSareren esku daude. Concordia Nazioarteko Lankidetza Programen antolakuntzan diharduen erakundea da. Lantegia uztailaren 6tik 27ra luzatuko da eta bost ordu lan bilduko ditu egunero, astelehenetik ostegunera, gainerakoan Euskal Herria --partikularzki Ipar Euskal Herria-- ezagutzeko ekintzak eta osteratxoak egiteko programa eskainiko dielarik gazte parte hartzaileei.


Lotura interesgarriak

Lantegiari buruzko xehetasunak
EuskoSare-ren webgunean

Aurtengo deialdiari buruzko artikulua
BasqueHeritage.com-en 2007ko martxoaren 26an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia