euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacabucoko txikienak munduko txapeldunekin hasi dira pilota ikasten asteburuetan Euskal Etxeko ekitaldietan

2007/06/01

Pilotari gazteak Ramon Ross munduko  txapeldunaren klasean (argazkia ChacabucoEE)
Pilotari gazteak Ramon Ross munduko txapeldunaren klasean (argazkia ChacabucoEE)

PUBLIZITATEA

Chacabucoko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxeko txikien taldekoak pilota eskolak hartzen ari dira joan den apiril hasieratik, hartu ere munduko txapeldun diren Eduardo eta Ramón Ross chacabucotarren eskutik. Juan Cruz Mioni, Rubén Motta eta Gustavo Labayen begiraleen laguntzarekin, txikiek esku pilota, xare, zesta punta, palita eta paleta argentinarra ikasten ari dira. Ikastaroa Luciana Aramburu, Selva Lescano eta Cristina Larribitek gidatzen duten txikien taldearen programaren parte dira.
'Guillermo Larregui' Euskal Etxeko Txikien Taldeak joan den apirilaren 7an hasi zituen klaseak, 3 eta 12 urte bitarteko berrogei bat ikaslerekin. Programak euskara eta euskal kultura bultzatzen ditu joko, kantu, eskulan, sukaldaritza, dantza, kirola... bezalako jardueren bidez. Jarduera hauetan haurrak taldeka aritzen dira, horien barnean adin desberdinekoak nahastuta, beti ere euskal giroan', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Luciana Aramburu taldearen koordinatzaileak.

Aurten Txikien Taldeak aldaketa batzuk izan ditu, azken hiru urteetako ikasleen gorakadari erantzuna emateko. Hasteko bi pertsona batu dira irakasle taldera: Selva Lescano, Eskulanak eta Sukaldaritza arloen ardura hartuz, eta Cristina Larribite, Kantu eta Musika arloarena. Baina irakasle talde honi beste kide bat emendatu behar zaio: Ramón Ross pilotari eta munduko txapelduna 'pilota argentinarra' modalitatean. Chacabucokoa da Ross, eta Juan Cruz Miori, Ruben Botta eta Gustavo Labayenek lagunduta pilota eskolak ematen dizkie haurrei. Klaseetan umeek pilota estilo desberdinak ezagutu eta gozatzeko aukera dute: esku pilota, xare, zesta punta, palita eta argentinar paleta.

[Goiko irudian Ramón Ross pilotari txapelduna Chacabucoko pilota klaseetako ikasleekin: Rebecca Mohr, Rocio Mohr, Lucia Santamaría , Azul Stéfano, León Stéfano, Milagros Prieto, Sofia Carballo, Teresa Vargas, Camila Mamone, Maira Migues, Macarena Rosales, Lucia Rosales, Agustina Paz, Valentina Mamone, Ailen Vargas Mamone, Pablo Acosta, Franco Paz, Joaquín Mansilla, David Paniagua, Sofia Elyceire, Francisco W. Arrizabalaga, Juan Ignacio V. Arrizabalaga, Juan Francisco Izurieta, Juan Ignacio Izurieta, Tomás Migues, Brisa Migues, Fernando Paz, Bianca Acosta, Agustina Holstein, Ernestina Funes, Lourdes Baigorria, Fátima Alejandro, Lourdes Alejandro, Bernando Laviano, Candelaria Laviano, Victoria Poltrone, Emanuel Flores, Jorgelina Flores eta Milagros Lescano (argazkia ChacabucoEE)]

Gero eta ikasle gehiago

Txikien Taldeak aurten duen beste berritasuna klaseen ordutegiari dagokio. Klaseak hiru ordutako multzoetan ematen dira --larunbatero arratsaldeko 14:00etatik 17:00ak arte-- eta 45 minutuko modulotan dira saioak. 'Horrela haurrek jarduera bakoitza ezagutzeko aukera dute eta lezioa bukatzean, askarian, ikasitakoaren errepasoa egiten dute. Helburua haurrek jarduera desberdinetan parte hartu eta ikastea da, jolasten eta ondo pasatzen ari direla'. 'Aurreko hiru urteetako esperientzia eta datuak ikusita ikasleen kopuruak gora egin duela eta estilo honetako irakaskuntzak ikasle eta gurasoen interesa pizten duela ikusi dugu', adierazi du Luciana Aramburuk.


Lotura interesgarriak

Chacabucoko EEko programa gastronomikoa
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 24an

Chacabucoko Maximiliano Montes Gaztemundun izango da
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 18an

Txikiak Chabacukoko urte bukaerako protagonista
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia