euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxearen eskutik 21 bidaiari loriatu dira Euskal Herri osoko hamaika leku bisitatzen

2023/10/24

Euskal Herria berriki bisitatu duen Chacabucoko 21 lagunek osatutako taldea Gernikako Juntetxean, Arbolaren magalean
Euskal Herria berriki bisitatu duen Chacabucoko 21 lagunek osatutako taldea Gernikako Juntetxean, Arbolaren magalean

PUBLIZITATEA

Chacabuco, Argentina. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena egindako bidaia arrakastatsu eta zoriontsu baten ondoren, Chacabucoko 21 lagun partaide izan dituen taldea itzuli da bere herrira. Guillermo Larregui Euskal Etxeak antolatutako seigarren bidaia izan da hau, eta euskal kultura eta bertako paisaiak, geografia eta jendea gertutik ezagutzeko esperientzian 150 bidaiari izan ditu urte hauetan guztietan bidelagun.

Horietako asko adinekoak izan dira, eta horietatik erdia baino gehiago ez zen lehenago hegazkin batera igo. Beste batzuk, aldiz, ibiliak ziren bi hemisferioetan eta kontinente desberdinetako herrialde askotan. Hala ere, oraingo bidaia honetatik itzuli dira... "Liluratuta. Hori da hitza", aitortu du Elsa Quintana de Pizzi irakasle erretiratu eta bidaiari amorratuak. Euskal jatorririk ez duen arren, adiskidetasun harremanengatik hurbildu zen Euskal Etxera eta ez zuen zalantzarik izan proposamenarekin bat egiten.

Oinarriak Bilbo eta Donostia

Bidaiariek lau egun egin zituzten Bilbon eta beste sei Donostian, eta egunero bertatik abiatzen ziren leku ezberdinak bisitatzera, horietako batzuk ospetsuak eta enblematikoak, beste batzuk eurentzat bereziki esanguratsuak. Nafarroan, adibidez, Iruñea bisitatzeaz gain, Baraibarko Jaietan hartu zuten part. Bizkaian, Gernika izan zen ezinbesteko bisita, baina Bermeon, Gaztelugatxen, Portugaleten, Getxon, Bilbon, Guggenheim Museoan eta San Mamesen ere ibili ziren.

Orexa herriska, Hondarribia eta Igeldo mendia ere bisitatu zituzten Gipuzkoan. Iparraldeko ibilbidean, Azkaine, Biarritze, Donibane Lohizune eta Ezpeletara joan ziren, besteak beste. Eta, Gasteizen, bisita instituzionala, Lehendakaritzaraino heldu baitziren. Bertan, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk egin zien harrera.

Irteera berria 2024an

“Gurekin bidaia hau egin duen jendea txundituta geratzen da euskal kulturarekin eta, itzultzean, ezagutzak partaideago sentiarazten du eta Euskal Etxera indarrak berrituta etortzen jarraitu ohi dute, proposamen berriak egiten eta jarduera berriak antolatzeko gogoz”, adierazten dio EuskalKultura.eus-i Guillermo Larregui Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kide eta bidaiaren koordinatzaile den Pablo Pavesak... dagoeneko datorren urteko bidaia berria buruan daukanak.  



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia