Chacabuco, Argentina. Hiru hamarkada daramatza Guillermo Larregui Euskal Etxeak euskal kultura hirian zein eskualdean zabaltzen. Karia horretara, urteurren berezi hau, 'Probintziaren Interesekoa' izendatu du Buenos Aires probintziako Legislaturak, Mauricio Barrientos diputatuak bultzatutako proposamen bati esker. Probintzia mailako errekonozimendu honekin batera, azpimarratzekoa da hiriko alkate Victor Aiola ere bertaratu zela Euskal Etxera ospakizunaren egunean –ekainaren 20an– euskal gizataldea agurtzera.
Urteurren bazkariak 160 gonbidatu bildu zituen elkarteko emakumeek, dantzariak laguntzaile, prestatutako menuaz gozatzeko (pintxoak eta tripakiak Bizkaiko erara). Sukaldean bete zuten lanaz gain, dantzariek esku zarta ederra lortu zuen dantza ikuskizuna ere eskaini zieten bertaratutakoei.
Gonbidatuen artean aipatzekoa da baita ere Chivilcoy eta Pergaminoko euskal etxeetako ordezkarien presentzia. Pergaminoko Lagun Onak-eko Carlos Miguelenaren kasuan, bere elkartearen atxikimendua ez ezik, FEVAren ordezkari aritu zen bestela ere Federazioko idazkari denak (festako argazki gehiago, hemen).