Chacabuco, Argentina. Euskal etxe chacabucotarrak 32 urte bete ditu eta lagun artean ospatu du. Koronabirusa dela eta indarrean dirauten murrizketetara egokituta, Zuzendaritza Batzordeko lagunak baino ez ziren bildu “pintxo batzuk eta egunerako propio prestatutako tarta” partekatzera. EEko lehendakari Lucia Igarzabalek azken bolada honetan elkarteak egindako lana goraipatu zuen eta esker beroak luzatu zizkien Batzordeko kideei emandako laguntza guztigatik. Iritsitako zorion-agurren artean, Victor Aiola alkatearena. Bere izenean Jorgelina Soñez Udaleko Erakunde Harremanetarako Zuzendaria bertaratu zen.
Ekitaldi berean, egoitzan egokitutako gune berria inauguratu zuten. “'Gure txokoa' bataiatu dugu eta topagune izango da guretzat eta etorri nahi duten lagun guztientzat. Bertan elkartuko gara eta musean jokatu ahal izango dugu, eta bilerak eta tailerrak antolatu. Gure kultura konpartitzeko leku bat izango da”, adierazi digu Igarzabalek.
‘Gure Txokoa’ solairuartean zegoen tarte batean eraiki dute, bi terraza ditu eta 30 bat lagun sar daitezke. Igarzabalen esanetan, “Asmoa da Euskal Etxeari ‘balio erantsia’ ematea eta jende gehiago gonbidatu ahal izatea, osasun egoera hobetzen denean, jakina. Guk geuk egin ditugu hobekuntza lanak eta esker bereziak eman behar dizkiet Heber Rodriguez eta Pablo Pavesa lagunei beraiek izan direlako lantaldeko buruak”, gaineratu du.
Guillermo Larregui-ko ‘Gure Txokoa’ topagune berria Euskal Herriko elkarteek bezala funtzionatuko du; “Euskadin egiten den bezala, kooperatiba moduan”, azpimarratu dute Euskal Etxetik.
Euskal Etxea Facebook-en, Centro Vasco Chacabuco