Chacabuco, Argentina. Ohikoa ez den ekitaldi baten protagonista izango da gaur astelehena Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxea. Eta harro eta pozik jakinarazi digute euskal elkartetik, ohoretzat hartuta, Udalak Euskal Etxeko areto nagusia aukeratu izana nazio mailan urriaren 27an egin ziren udal hauteskundeetan hautatutako bertako agintari berrien karguratze ekitaldi ofiziala egiteko.
Gaur abenduaren 9an, eguerdi puntuan, hiriko Botere Legegileko agintari berriak Euskal Etxean jabetuko dira euren karguez. Hauxe da zin egingo duten zinegotzien zerrenda: Laura Marchesse, Lisandro Herrera, Patricia Colaccilli, Agustin Zarkovich eta Nancy Tejo (guztiak ‘Juntos por el Cambio’ alderdikoak); eta Marcos Peralta, Sofía Silva, Javier Estévez eta Romina Barbetta (hauek ‘Frente de Todos’ alderdikoak).
Ekitaldiko bigarren zatia, berriz, gaueko 9etan etorriko da, bertan kargua hartuko baitu Chacabucoko alkate gisa Victor Aiola doktoreak. Bigarren agintaldia izango du Chacabuco eskualdeko alkate (intendente) legez, berrautatua izan baitzen urriaren 27ko hauteskundeetan.