euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacabucoko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxea arrakastatsu luzitu zen ia berrehun lagun batuz urteko lehen tabernan

2024/05/20

Chacabucoko “Guillermo Larregui” Euskal Etxean aurtengo lehen taberna arrakastatsua ospatu zuten. Verónica Gouarnalusse-k zuzendutako dantzari txiki eta helduek ikuskizun olagaratua  eskaini zuten
Chacabucoko “Guillermo Larregui” Euskal Etxean aurtengo lehen taberna arrakastatsua ospatu zuten. Verónica Gouarnalusse-k zuzendutako dantzari txiki eta helduek ikuskizun olagaratua eskaini zuten

PUBLIZITATEA

Chacabuco, Argentina. Chacabucoko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxeko guzti-guztiek den-dena eman zuten Euskal Etxearen maiatzaren 11ko tabernak arrakasta izan zezan. Euskal dantza eta sukaldaritza tradizionaleko platerak, bertako artisten zuzeneko ikuskizunak, dantzaldi herrikoia, eta nagusi zen jendearen bozkarioa ere, osagai egokiak izan ziren, sare sozialetan festa iragartzeko bideoak agindutako koktel arrakastatsua osatzeko. 180 lagun baino gehiago bertaratu ziren iragarritakoa paregabe bete zuen topaketara.

 
Arku dantza, dantzari helduen eskutik eta Verónica Gouarnalusseren zuzendaritzapean

"Aretoa bete-bete egin zen". "Ederra izan zen. Zorionez, jendeak erantzun ona ematen die beti gure proposamenei”, aitortu dio poza partekatuz EuskalKultura.eus-i euskal etxe chacabucotarreko erreferente eta halaber helduen dantza taldeko kide den Pablo Pavesak. Izan ere ikuskizuna euren Arku Dantzarekin hasi zen. Atzetik agertokiratuko ziren dantzari gaztetxoak. Txikiek txalo zaparrada berezia jaso zuten, jauziekin eta Meteororen euskarazko abestiaren koreografiarekin.

 
Chacabucoko Euskal Etxean, haurrak txik-txikitatik aritzen dira dantzan

MV Institutuko kideek egindako arabiar dantza ikuskizunak ere oso harrera ona izan zuen. Sorgin dantzarekin batera itzuli ziren dantzari helduak oholtzara eta, amaierarako, Matías Lonzo abeslari chacabucotarrak emanaldi txalotua eskaini zuen. Abesti melodikoak, kunbia eta bestelako generoak ere jorratuz dantzan jarri zuen jendea.

Hanburgesa eta janari azkarraren ohiko eskaintzaz gain, euskal menu tradizionaleko zenbait plater ere eskaini zituzten Chacabucoko sukaldariek, esan nahi baita tripakiak bizkaitar erara, txistorra, pintxo mota ugari eta goxua. Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeko eta San Nicolaseko 'Euzkal Etxe'ko kideak partaide izan ziren jaian. Presarik ez, ezta pausarik ere, datorren larunbatean, maiatzaren 25ean, 'Guillermo Larregi' Euskal Etxeak Maiatzeko Iraultzaren ohiko desfilean parte hartuko du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia