Estatutuak agintzen duen moduan, erakundeko Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zuen Guillermo Larregui Euskal Etxeak 2016-2018 eperako. Urteko Ohiko Batzar Orokorrean lehendakaritzaren lekukoa pasatu zion orain diruzaina den Pablo Pavesak Bernardo Indaburu presidente berriari. Pavesak esanetan, “azken lau urteetako balantzea ezin hobea da eta datorrena oraindik ere hobea izango da”, segurtatu zuen.
Chacabuco, Argentina. Urteko bere Ohiko Batzar Orokorra burutu zuen Guillermo Larregui Euskal Etxeak joan den abuztuaren 23an eta bilkura berean, urteko memoria eta balantzea onartzeaz gain, 2016-2018 eperako Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zuten kideek. Bi urteko agintaldi berri honetan gobernatuko duen taldea honako hau izango da:
-Lehendakaria: Bernardo Indaburu
-Lehendakariordea: Juan Luberriaga
-Idazkaria: Yesica Garmendia
-Idazkariordea: Eliana Domenech
-Diruzaina: Pablo Pavesa Guruceaga
-Diruzainordea: Lucia Igarzabal
-1. Batzordekide titularra: Martin Echave
-2. Batzordekide titularra: Agustin Igarzabal
-1. Batzordekide ordezkoa: Raul Pedro Recondo
-2. Batzordekide ordezkoa: Maria Jose Tillet
Batzorde Kontu Ikuskatzailea
-1. Kontu ikuskatzaile titularra: Maria Veronica Izurieta
-2. Kontu ikuskatzaile titularra: Marcela Milione Zabala
-3. Kontu ikuskatzaile titularra: Jorge Eliceyri
-1. Kontu ikuskatzaile ordezkoa: Juan Cruz Zubeldia
-2. Kontu ikuskatzaile ordezkoa: Juan Carlos Izurieta
Fruitu onak eta etorkizun hobea
EuskalKultura.com-ekin solasean, Pablo Pavesa pozik agertu da azken lau urte hauetan Euskal Etxeak lortu duenarekin. “Gero eta aktibitate gehiago ditugu. Dantza talde oso jendetsua dugu eta pasatu gara mus talderik ez izatetik datorren urteko Mus Txapelketa Nazionalaren antolatzaileak izatera. Muslari talde bikaina daukagu, muslariak izateaz gain lan handia egiten baitu erakundearen alde. Izan ere, Bernardo Indaburu lehendakari berria Euskal Etxeko Mus ordezkaria izan da lau urte hauetan eta gure izenean bidaiatu zen Txapelketa Nazionaletara”.
“Beste alde batetik, superabit handiarekin bukatu dugu gure agintaldia; diruari zein kideei dagokienez. Eta horrek zerikusi handia du urtero antolatzen ditugun Euskal Herrirako bidaiekin. Bidaiariak Euskal Etxeko kide bihurtzen dira eta euskal kultura ezagutzeko grina sortzen zaie. Adibide moduan, esan dezadan euskal zinema proiektatzen dugunean gero eta jende gehiago etortzen dela emanaldietara”.
Bidaiekin lotuta, Pavesak jakinarazi digu egun gutxi barru, irailaren 25ean, 41 lagunek osatutako talde batekin joango dela aurtengo bidaian Euskal Herrira. “Lehenengo bidaian 26 joan ginen eta hirugarren honetan 41. Dudarik gabe datorren urtean beste bat egingo dugu”.
Etorkizunari begira ere, Chacabucoko dntzariek Buenos Airesen FEVAk eta Uzturre Munduan elkarteak elkarrekin antolatutako tailerrean eta Euskal Astean hartuko dute parte. Abenduaren 3an, bestetik, eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, Euskal Herrira egindako bidaietara joandako lagunak ere bilduko dira euskal etxean. Eta festa jendetsua egingo da urteari ‘agur’ esateko.