euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacabucoko Guillermo Larregui EEak 2013ko ekintzen berri plazaratu du herriko egunkari eta sare sozialetan

2013/03/18

Chacabucoko 'Emakume' taldeak Emakumearen Eguna ospatu zuen martxoaren 12an (argazkiaEE)
Chacabucoko 'Emakume' taldeak Emakumearen Eguna ospatu zuen martxoaren 12an (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Urtean zehar burutuko diren dantza eta euskara eskoletan parte hartzera gonbidatzen du Guillermo Larregui Euskal Etxeak. Klaseez aparte, asteroko mus elkarretaratzeak ere gauzatuko dira aurten Buenos Aires probintziako Chacabucoko euskal etxe honetan, Txapelketa Nazionalari begira. Beste proiektu polit baten berri ere helarazi digu euskal etxeak: urrian talde-bidaia egingo dute Guillermo Larregui-ko hainbat kidek Euskal Herrira.

Chacabuco, Argentina. Irekita dago dagoeneko Chacabucoko euskal etxeko dantza klaseetan parte hartzeko izena emateko epea. Deialdia gazteei eta 5 eta 12 urte arteko neska-mutikoei dago zuzenduta. Gazteentzako eta helduentzako euskara klaseei dagokienez, bi astean behin izango dira, larunbatetan, apirilean hasiz.

Guillermo Larregui euskal etxeak musean jokatzea gustukoa dutenentzat ere badu proposamena. Datozen hilabetetan, asteroko topaketak egingo dituzte muslariek Txapelketa Nazionalean euskal etxearen ordezkari izango den bikotea aukeratzeko. Txapelketa Nazionala abuztuaren 17tik 19ra egingo da, Saladilloko Itxaropen euskal etxean.

Beste alde batetik, ilusio handiz burutu zuten Chacabucoko euskal etxekoek martxoaren 5eko bilera. Bilkura horretan, Euskal Herrira egingo duten talde-bidaia antolatzen hasi ziren, Pablo Pavesa euskal etxeko lehendakariaren eskutik. Bidaia urrian egingo da eta hogei bat egunez luzatuko da. “Txartelak hemen, herrian, erosiko ditugu eta denok elkarrekin aterako gara Argentinatik. Gero, buelta bakoitzak bere kabuz egingo du, batzuk denbora gehiago geratuko baitira”, azaldu diote EuskalKultura.com-i euskal etxetik. Maiatzaren 7an burutuko da datorren bilera.

Emakumearen Eguna

Urteroko tradizioari jarraituz, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu zuen euskal etxeko ‘Emakume’ izeneko taldeak. Jaia martxoaren 12an izan zen eta afarian zehar musika emanaldia eta mota askotako entretenimenduez gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.

Emakumearen Eguna Chacabucon 2013 01

[Garmendia andrea, Elvira Guruceaga, Chichi Lopetegui eta Sonia Armendariz, etxeko ‘Emakume’ taldearen ordezkariak (argazkiaEE)]

Hurrengo ospakizunari dagokionez, Aberri Egunekoa izango da, martxoaren 31an. Ekintza guztiak elkartearen egoitzan burutuko dira, Remedios Escalada de San Martín kaleko 230. zenbakian. Informazio gehiago eskuratzeko, cvchacabuco@yahoo.com.ar edo Facebook-eko Centro Vasco Chacabuco helbideetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia