euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacabucoko Euskal Etxea irailean Euskal Herrira egingo duen bidaian interesatuta daudenen zerrenda hasi da osatzen

2024/02/15

Guillermo Larregui Euskal Etxearen koordinaziopean, iaz Euskal Herria bisitatu zuen taldea, Portugaletera egindako bisitan
Guillermo Larregui Euskal Etxearen koordinaziopean, iaz Euskal Herria bisitatu zuen taldea, Portugaletera egindako bisitan

PUBLIZITATEA

Chacabuco, Argentina. Guillermo Larregui Euskal Etxeko lagunek bilera bat deitu dute Euskal Herriko zazpi lurraldeak bisitatuko dituen bidaia honen nondik norakoen berri emateko. Chacabucoko euskal elkarteak antolatzen duen zazpigarren irtenaldia izango da, eta proiektua gehienbat bertako herritarrei zuzenduta badago ere, beste herri batzuetako bidaiariak batu daitezke, aurreko edizioetan izan ohi denez. Irteera irailaren amaierarako iragartzen da, Ezeizako Nazioarteko Aireportutik abiatuta.

11 eguneko bidaia da Euskal Herrira, gehi beste 5 egun guztien artean erabakiko den hiriburu europar batera

Martxoaren 6an egingo da hurrengo informazio bilera, euskal etxe chacabucotarraren egoitzan (R. Escalada de San Martin 230). Elkarteko diruzain eta bidaiaren koordinatzaile den Pablo Pavesak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, Euskal Herriko egonaldiak 11 egun hartuko ditu, eta beste 5 egun libre utziko dira, Euskal Herrian bertan geratzeko eta norberaren interesen arabera erabiltzeko edo Europako beste hiri bat bisitatzeko koordinatzailearekin. Londres, Erroma edo Bartzelona ari dira aztertzen eta ​​​​gehiengoaren nahiak erabakiko du.

Oinarriak Bilbo eta Donostian

Ibilbideak barne izango ditu 4 gau Bilbon, hiru izarreko hotel batean, 7 gau Donostian, apartamentuetan, txangoak eginez Gasteizera eta Iruñera. Hegoaldeko hiriburuez gain, Baraibar (Nafarroa) herriko jaietan hartuko dute parte, eta Orexa (Gipuzkoa) ere bisitatuko dute. Iparraldean, Biarritze, Donibane Lohizune, Ezpeleta eta Azkaine bisitatuko dituzte eta, besteak beste, Loiolako Santutegira edota Arantzazuko monasterioraino iritsiko dira. Hegazkina eta garraioak oro ere barne dira, eta autobus bat taldearen eskura egongo da etengabe. Otorduak ez daude barne.

Argibide gehiago Whatsappez 0236 – 4697267 zenbakian edo aurrez-aurre ostiraletan, 11:00etatik 12:00etara, Guillermo Larregui Euskal Etxeko Idazkaritzan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia