Jaialdi berri berria da Los Toldosekoa. Are gehiago, bigarren edizioa baino ez du aurtengoa. Izan ere iaz lortu zuen arrakastak bultzaturik ekin diote aurten ekitaldia berriz ere antolatzeari. Ahalegin horretan, publiko gehiago espero dute antolatzaileek eta horretarako proposamen gehiago eskainiko dituzte. Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko dantza taldea folklore ikuskizuneko parte izango da, Udalak propio gonbidatuta. Hau eta beste zenbait berri on datozkigu Chacabucotik.
Chacabuco, Argentina. Oso goiz hasi ditu aurtengo ekintzak Guillermo Larregui Euskal Etxe chacabucotarrak. Urtarrilean elkartea Euskara Munduan programako Udako Barnetegiaren egoitza bilakatu zen eta antolakuntzaz arduratu zen taldeak “esperientzia paregabea” iritzi zion. Bisitariak –ikasle zein irakasleak– ere oso gustura agertu ziren eta ikastaroak berak eta Kinku Zinkunegik emandako hitzaldiak oihartzun handia jaso zuten herriko hedabideetan.
Ekimenak abiatuta, iladan etori dira beste hainbat proposamen 2018ko egitarauaren baitan. Otsailean barne lehiaketak egin dira Euskal Etxean Argentinako Mus Txapelketa Nazionalari begira. Finalisten artean Nicolás Rojas eta Tito Vacca, eta Hugo Nicodemo eta Ricardo Rodríguez kid zeuzkaten bikoteak aipa daitezke. Lehiaketa nazionala Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxean izango da aurten, abuztuaren 17tik 19ra.
Euskal Herrirako 2018ko tourra
Euskal Herrirako bosgarren talde-bidaia ari da prestatzen Guillermo Larregui Euskal Etxea datorren udaberrirako (Europako udazkenerako). Otsailaren 27an bigarren bilera egin zuten eta Pablo Pavesa bozeramaleak berak EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, hogei lagun dauzkate dagoeneko baieztatuta. “Oraindik badaude leku libre batzuk, norbait animatuz gero". "Irailaren 4 edo 5ean aterako gara Buenos Airesetik eta bi astetan zehar Euskal Herriko hiri eta leku turistiko nagusiak bisitatuko ditugu. Beti bezala, gonbitea irekia da eta edonor etor daiteke gurekin; ez da beharrezkoa ez euskal etxekoa ezta euskal kolektibitatekoa izatea. Are gehiago, aitzakia ona izaten da bidaia euskal etxeko kide ez direnentzat, bidaian interesa eta euskalzaletasuna piztu eta euskal etxera etortzen hasteko”. Bidaian parte hartu nahiko luketenek Euskal Etxearengana jo behar dute, Centro Vasco Chacabuco Facebook kontuan.
Martxoko ekintzak
Gaur hasten ari garen martxoari begira, atsedenik hartu gabe jarraituko dute chacabucotarrek. Gaur zortzi, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Etxeko Emakumeek antolatutako elkarretaratze batean. Martxoaren 10 eta 11an euskal kolektibitatearen ordezkari izango dira Los Toldos hiriko Gaztaren bigarren Jaialdian. Guillermo Larregui-ko edade guztietako dantza taldeek hartuko ute parte jaialdiko folklore ikuskizunean.
Etxetik kanpo egitarautu dituzten emanaldiekin jarraituz, Cañuelasen ere arituko dira dantzariak, martxoaren 24an eta 25ean, Denak Batek antolatutako Aberri Eguneko Dantzarien Topaketan.