Chacabuco, Argentina. 2013an izandako esperientzia gogoangarriak bultzatuta, Euskal Herrirako bidaia berria antolatu du Chacabucoko Guillermo Larregui euskal etxeko lehendakari Pablo Pavesak datorren irailerako. Deialdia arrakastatsua izan da oso eta berehala osatu zen taldea, 27 lagunekin.
“Zorionez oso erantzun ona izan dugu euskal etxea barnean, baina baita ere euskal etxekoak ez direnen artean. Oraingoan, izan ere, bidaiarien gehiengoa ez da euskal etxeko kide eta hori oso garrantzitsua da erakundearentzat, bidaiagatik orain bai hasiko baitira hurbildu zaizkigun jende horiek harremanetan instituzioarekin”, azaldu dio Pavesak EuskalKultura.com-i.
Guillermo Larregui-ko lehendakariak jakinarazi digunez, bidaia Bilbon hasiko da eta bertan hiru gau pasatuko ditu taldeak. Bilbotik, Gernika, Bermeo eta Gaztelugatxe bisitatuko dituzte. Bizkaitik Gipuzkoara joango dira gero eta Donostian ostatua hartuta bertatik hainbat lekutara migituko dira, besteak beste, Baraibarrera, Iruñera, Iparraldera eta urriaren 7an, Gasteizera, Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrean parte hartuko duten mundu osoko euskaldunak agurtzera. Bidaiaren azken egunak, Italian pasatuko dituzte.
“Jende askok galdetzen digu oraindik lekurik badagoen, baina bere momentuan jende berria sartzeko epea itxi behar izan genuen eta orain ezin da inor berririk sartu. Hala ere, interesatuen zerrenda gero eta luzeagoa denez uste dut datorren urtean beste bidaia bat egiteko moduan egon gaitezkeela”, jakinarazi digu Pavesak. Interesatuak euskal etxearekin jarri behar dira kontaktuan.
Datozen asteetarako egitaraua
Hilabete batzuk falta dira oraindik irailerako eta datozen asteetarako euskal etxea prestatzen ari den jarduera zerrenda ez da batere laburra. Gaur bertan, ostirala, maiatzak 8, Euskal Taberna bat, urteko lehena, egingo dute chacabucotarrek. Euskal janariaz gain euskal dantzak eskainiko zaizkie gonbidatuei. Maiatzaren 16an, bestalde, “Pizza eta jolasak” izeneko jarduera antolatuko du Guillermo Larreguik Rotary Club elkartearekin batera. Maiatzaren 20an, ostera, 'euskal zinema' proiektatuko dute, Carlos Gabilondoren eskutik. Oraingo emanaldirako, “Zortzi euskal abizen” aurkeztuko du Buenos Airesko zine adituak.
Ekainean, 6 eta 7an, berriz, Mus Txapelketa antolatuko dute Chacabucoko euskal etxeko lagunek eta ekainaren 20an instituzioaren 26. urteurrena ospatuko dute, afari batekin.
“Ekintza hauetaz aparte, aurten 150 urte beteko ditu gure hiriak eta bertan gabiltzan erakundeok parte hartuko dugu ospakizunetan. Asmoa dugu Buenos Airesko Nafar Etxea gonbidatzea egun horretarako baina oraindik data zehatzik ez dugu finkatu”, azaldu digu Pavesak. Baina “ororen buru badakigu egiten ditugun proposamen guztiek oso harrera ona izan ohi dutela jendearen artean eta horrek itxaropen handia ematen digu”, bukatu du Pavesak.